Mondragon Taldeko FPK-k lantegia inauguratu du Brasilen

Leire Kortabarria 2011ko ots. 25a, 10:43

FPK automobilgintzako fabrikatzaile nagusien bazkide eta hornitzaile nagusietakoa da, egoitza Zamudion dauka, eta atzo, Brasilgo Parana estatuko hiriburua den Curitiban erosi berri zuen produkzio lantegia inauguratu zuen.

Inaugurazio ekitaldian izan ziren Jose Mari Aldekoa, Mondragon Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakaria, eta Jose Ramon Goikoetxea, Automozio Dibisioko lehendakariordea, besteak beste.

Aldekoaren hitzetan, proiektu hau oso garrantzitsua da automobilgintzaren sektorearen jarduera osagarri gisa; Mondragonek 10.000 pertsona inguru enplegatzen ditu sektore horretan, eta aurten 1.500 milioi euro inguruko fakturazioa lortuko du. Halaber, FPKren adibidea nabarmendu zuen, “joint-venture lokala izatetik, Alemaniako matrizea eta Brasilgo filiala erosi eta gero nazioarteko taldea izatera igaro baita”.

Brasilgo lantegiak, FPK do Brasil Componentes Automotivosek, Europako planten estrategia berari jarraituko dio merkatuan kokatzeari eta teknologiari dagokienez, tokiko eskaerari egokituz. Lantegiak gaur egun 90 pertsona enplegatzen ditu, eta "plataforma bikaina" da, Mondragoneko arduradunen esanetan, bere produktuez Brasilgo merkatua hornitu ahal izateko.

FPK-k konpositezko osagai estrukturalak eta aerodinamikoak diseinatu eta fabrikatzen ditu, eta ibilgailu arinetarako
soluzioak eskaintzen ditu, aerodinamika optimizatzeko eta, bezeroekin elkarlanean arituz, erregai kontsumoa eta emisioak murrizteko.

FPKren egoitza nagusia, Zamudion.

37 milioiko salmentak aurten

Brasilgo FPK do Brasil Componentes Automotivos Ltda eta Alemaniako FPK, LT Deutschland GmbH erosita, Mondragon Korporazioko FPK enpresa bizkaitarrak 2010-2011 aldirako aurreikusitako erosketen zikloa osatu da.

Kooperatibizatu, BATZ taldean integratu eta aipatu bi sozietateak erosi eta gero, FPK-k hirukoiztu egin du bere negozio zifra, eta maila globalean kokatu da. 2011rako salmentetan dituen aurreikuspenek 37 milioi euro iragartzen dute.

Neurri berria

Lantegi horren inaugurazioarekin, FPK-k bere negozioa birdimentsionatzeko prozesua amaitu du. Bizkaitar enpresa, 18 urtez, Mondragonen eta Alemaniako Aksys GMBH taldearen arteko joint venturea izan da, beira zuntzez indartutako plastikozko piezak fabrikatzen zituena.

FPK hazteko prozesua kide alemaniarrari sozietatean zuen partaidetza erosi ziotenean hasi zen, eta ondoren FPK kooperatiba bihurtu zen. Kooperatiba misto horretan FPK-ko, Mondragon Inbertsioetako eta Batz kooperatibako lan bazkideek beraiek parte hartu zuten.

Ondoren, 2010eko uztailean, Hannoverretik gertu dagoen Peinen (Alemania) 120 pertsonako planta bat erosteko operazioa itxi zen, automozioaren sektorerako plastiko indartuzko produktu estrukturalak eta aerodinamikoak lortzeko zegoen eskaerari herrialdetik bertatik erantzuteko. Horrez gain, aurreko urtearen amaieran Brasilgo Curitibako lantegi berria erosteko operazioa itxi zen; hain zuzen ere, gaur bertan inauguratu da hori, Brasilgo hegoaldean dagoen hirian.

Horrenbestez, FPK-k bere negozioa maila globalean kokatzea lortu du, eta urte batean baino gutxiagoan hirukoiztu egin ditu bere negozio zifra zein sozietateen lanpostuak. Aldi berean, merkatuak erreakzio positiboa izan du enpresa operazio honen aurrean eta, urtearen bigarren seihilekoan zehar, eskari berri ugari atzitu dira.


FPK Lightweight Technologies

Hiru ekoizpen lantegi hauek Mondragoneko Tresneria eta Sistemen Dibisioan integratu dira, Batz kooperatibaren baitan FPK Lightweight Technologies izenarekin sortu den negozio linea berri batean. Batzen apustu estrategiko berria da, konpositezko material berrien erabilerara zuzendutako ahalmen teknologikoa nabarmen handitzea ahalbidetuko diona, ibilgailuen pisua murrizteko eta, ondorioz, CO2 emisioak murrizteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak