Jasone Mendizabal: "Gure diskurtsoa garatu gura dugu, euskararen kontrako diskurtsoei aurre egin ahal izateko"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ots. 25a, 01:00

AEDko kide, Arkon lanean ibilia, mondragoetarra. 2001a ezkero Topaguneko zuzendari. Zapatuan Bilbon egingo den XXI. Mendeko Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren Kongresuaren antolaketan buru-belarri dihardu Jasone Mendizabalek.

Zein da zapatuko kongresuaren helburu nagusia?
Ibilbidetxo baten ostean egiten dugu topaketa hau. Urtebete egon gara etorkizunaz hausnartzen. Iaz urtarrilean egin genituen  jardunaldi batzuk gure elkarteen egoeraz gogoeta egiteko eta etorkizuneko erronkak identifikatzeko. Kongresu hau izango da orduan abiatutakoaren lehen emaitza.

Euskara elkarteek inoiz egin duten bilkurarik handiena izango da. Zenbat elkarte eta zenbat lagun elkartuko zarete?
Iaz 100 bat lagun batu ginen jardunaldietan. Zapaturarako, gutxienez, 200 lagun izango gara, Euskal Herritik etorritako profesional eta borondatezkoak. 96 euskara elkarte izango gara. Topaguneak, gaur egun, 20.000 bazkide batzen ditu. Gutxi dira euskalgintzan halako kopuruetako elkarte edo taldeak.

Alhondigako areto nagusian izango da kongresua eta kongresuaren ostean, jaia Kafe Antzokian.
Hala da, bai. Kafe Antzokian izango da bazkaria. Bazkalostean, berriz, musika saioak, bakarrizketak… denetik izango dugu. Hirugarren zatian, parranda, nahi edo ahal duenak…

Euskal Herri osoan daude euskara elkarteak?
Iparraldean daukagu hutsunea, eta, bestalde, gehienak Bizkaian eta Gipuzkoan daude, batean zein bestean 35 inguru. Nafarroan, 16 eta Araban, 9. Beste 10-13 elkarterekin harreman iraunkorra daukagu Araban, baina oraindik ez dira bazkidetu. Iparraldean ere badugu harremana hainbat talderekin, baina berezia da haien egoera.

Arrasateko AED izan zen sortu zen lehen euskara elkartea, 1983an. Gure eskualdean, zein da egoera gaur egun?
Bost euskara elkarte ditugu: AED, Jardun, Loramendi, Txirritola eta Goibeko. Azkenaldian bi itxi dira: Laixan eta Axtroki; eta, lehenago Idolaz.

Krisian daude euskara elkarteak?
Ez nuke hori esango. Gauza guztiek bezala, euskara elkarteek ere beren zikloak dituzte, funtzio bat betetzen dute eta helburuekin asmatzen ez dela ikusteak jendea nekarazten du. Hori da errealitatea. Baina ikusi ditugu euskara elkarteak berpizten, jende berriarekin biziberritzen… Eta errealitatea da Euskal Herrian gero eta euskara elkarte gehiago daudela. Topagunean urtetik urtera bazkide kopurua hazten doa.

Euskararen erabilera mantsotu egin da azkenaldian?
Lan handia egin eta ekimen ugari abiatu ostean, ikusi dugu gazte jendearen artean, erabilera espazioak irabazita ere, erabileraren inguruko aurrerapausoak txikiak direla. Ikerketa soziolinguistikoek erakusten dute aurreratu dela arlo formalean, arautuan. Ostera, euskararen berreskurapenean, gertuko sareetan, ez dugu horrenbeste aurreratu.

Gazteek ere euskara gutxiago darabiltela dirudi, ezta?
Gure baitan dauzkagu euskara eta gaztelania, eta beste hizkuntza batzuk. Eta, hizkuntzak menderatu arren, behar da erabiltzeko motibazioa, arrazoia, zergatia. Hori elikatzeko ez daukagu gura beste tresna edo ez diogu nahiko denbora eskaini. Gainera, beste mezu bat gailentzen ari da: euskaraz bizi izatea aukera librea da, bakoitzak egin dezala gura duena, euskara ez da hizkuntza unibertsala… Halako mezuak uneoro entzuten ditugu eta horiek gainditzea ez da samurra. Gazteek gogoeta egitea lortu beharko genuke.

Zapatuko kongresuko eztabaidarako txostenaren ardatz nagusiak zeintzuk dira?
Euskara elkarteak indartzeko, laguntza eta zerbitzuak eskaini ditu Topagunean azken urteotan. Baina ikusten dugu 20.000 bazkide dituen taldeak mugimendu propio gisa ere baduela nazio mailako zeregin bat, herriz herri egiten den lanaz gain. Indar hori baliatu gura dugu hizkuntza politiketan eragiteko. Bestalde, gure diskurtsoa ere garatu gura dugu, euskararen kontrako diskurtsoei aurre egiteko. Horretaz gain, egiteaz gain eragin gura dugu eta, azkenik, formazioa ezinbestekoa da: geure burua janztea. Egiten duguna zertarako egiten dugun jakin.

Azkenaldian, euskararen aurka esan dituen irainengatik ezagun egin den Jon Juaristi da Euskararen Aholku Batzorde berriko kideetako bat. Zer diozu?
Ez dauka zentzurik. Jakina, euskararen berreskurapenerako ikuspuntu ezberdinak egon daitezke, baina euskararen aldeko jarrera ezinbestekoa da. Soberan daude euskararen kontrakoak. Ez dakit ze arrazoi edo bokaziorekin izendatu duten Juaristi Euskararen Aholku Batzorderako.

Euskara elkarteek eta Topaguneak euskal jendarteari egindako ekarpen nagusia zein da?
Euskaldunak biltzeko eta sortzeko funtzioa azpimarratuko nuke. Oso garrantzitsuak dira euskarazko tokiko hedabideak, batez ere herri aldizkariak, erakusleiho eta tresna eraginkortasunena diren neurrian. Kultura arloan ere lan handia egin da.

Topaguneak, euskarazko elkarteak ez ezik, euskarazko tokian tokiko hedabideak ere batzen ditu, horien artean Goiena Taldekoak. Zenbat hedabide batzen dira Topagunean?
35 herri aldizkari, 2 telebista, 4 irrati eta beste hainbat agerkari elektroniko.

Zein da hedabide horien egoera?
Gorabeheratsua da. Toki guztietan ez da berdina. Hedabide askok eta askok nahikoa dute bizirautearekin; beste batzuk, itxi egin dute edo ixtear daude… Egunerokoari eutsi guran eta garapenetako aukerarik barik, ez dagoelako inbertsiorik egiteko dirulaguntzarik ezta ahalmenik ere.

Debabarrenean badirudi aurrera doala hedabideak batu eta, Goienak egin zuen moduan, eskualde mailako proiektua sortzeko asmoak.
Proiektu berriak ere badira eta Debabarrenekoa da bat. Ilusio handiarekin dabiltza eta ondo legoke Goienaren moduko beste hazitxo bat ikustea Debabarrenean. Sakabanaketa handia dago tokian tokiko hedabideen artean eta proiektu indartsuagoak beharrezkoak dira.

Euskarazko hedabideen sektorea, oro har, ez dago unerik gozoenean eta instituzioei sektore moduan aintzat hartu eta finantzazio moduak handitzea eskatu berri dute.
Instituzioek gehiago inplikatu behar dute, benetan sektore estrategikotzat hartzen badituzte euskarazko hedabideak. Diru apurrekin bizi gara eta garapenerako ez dago aukerarik. Hortik sakabanaketa. Bi datu azpimarratu gurako nuke: batetik, Topaguneko bazkide diren herri aldizkariek 200.000 irakurletik gora dituzte eta horrenbeste jarraitzaile ez dauka beste ezein euskarazko hedabidek; bestetik, 450.000 lagunengana heltzen gara euskarazko hedabide guztiak kontuan hartuta; hori euskaldunen erdia da. Orain arteko dirulaguntza sistema ezegonkorra amaitu gura dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak