1. Neguak gogorragoak dira txapela erantzi zenuenetik?
Ez, berdintsuak dira. Buru gainean bai, hor sentitzen dut hotz handiagoa, baina ile faltagatik da hori.
2. Gazteek irudi modernoa ekarri dute bertso mundura... Geratzen da taburik bertsolaritzan?
Geratuko da, beti izaten dira tabuak. Gertatzen dena da zenbat eta hurbilago egon, orduan eta gutxiago ikusten direla. Urrutiagotik hobeto ikusiko dituzte gure tabuak, gure lotsak eta gure esanezinak.
3. Oholtza gainean zaude bertsoa botatzen eta ikusle batek aharrausi egiten du. Zer egin halakoetan?
Lanean segi; mila kontugatik izan daiteke aharrausia: lo gutxi egin duelako gauean, akaso geu ez garelako ongi ari... Lanean segi eta zerbait irtengo da.
4. Zein bertsolarirekin joango zinateke oporretan?
Askorekin... Bat aukeratzekotan Jon Maia aukeratuko nuke, ondo pasatuko genuke. Bertsolarien artean lagun asko eta onak ditut.
5. Euskalduna izan eta bertsoak gustatzen ez zaizkionari zerbait gertatzen zaio?
Ez, ezer ere ez, oso naturala iruditzen zait. Ni neu euskalduna naiz eta opera ez zait gustatzen. Batak ez du bestearekin zerikusirik.
6. Imajinatzen duzu bertsolariak protagonista diren OT erako programa bat?
Bertsolariak ez, baina akaso bertso-eskola bai; betiere, helburu pedagogikoekin. OT tarte batzuk ikusten nituen lehen, eta epaimahaiaren eta irakasleen azalpenak interesgarriak iruditzen zitzaizkidan.
7. Bat-batean botatako bertso on batek edo luzaro landutako liburu arrakastatsuak, zeinek ematen du satisfazio handiagoa?
Biek, baina, akaso, nire iritziz, balio garrantzitsuagoa da lanarena eta saiatzearena; alde horretatik, liburuak.
8. Kostaldekoak izateak markatu egiten du?
Bai, baina uste dut zarauztarrok ez garela oso kostaldekoak, ez garela oso marinel herrikoak.
9. Ez duzu sakelakorik. Posible da egungo bizitzan horrela bizi izatea?
Bai; niretzat, ezinbestekoa, gainera. Egilea naiz, ez eragilea, eta sakelakoarekin desorekatuta egongo litzateke nire bizimodua. Baina puntual ibili behar duzu, ezin duzu lanik delegatu...
10. Nola daroazu Tabakoaren Legea?
Ondo, ni legeak errespetatzearen aldekoa naiz. Tabakoaren Legearen aldekoa naiz, baina lege guztiak zorroztasun berarekin aplikatu beharko lirateke.
---------------------------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Gaur egun dimititu egingo nuke. Politika erabakiak hartzearen artea da eta iruditzen zait egungo lehendakaria ez dabilela erabaki egokiak hartzen; hainbeste langabe dagoen herrialdean erabakiak ez daude ondo hartuta. Eta lehendakaria neu baldin banintz ere, ez dut uste erabakiak hartzeko ona izango nintzatekeenik".