Euskadik 19 hilabeteko hazkunde jarraitua izan du, turisten sarrerari dagokionez

Leire Kortabarria 2011ko otsailaren 23a

Euskadik hazkundearen bideari eutsi dio turisten sarrerari dagokionez. 2010. urtea euskal turismoaren historia osoko urterik onena izan ostean, 2011. urte hau ere antzera hasi da. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur argitaratu dituen datuen arabera, urtarrilean % 5 egin dute gora bidaiarien sarrerek eta %8 ostatu-gauek.

Eusko Jaurlaritzak "bikaintzat" jo ditu datu horiek, eta esan du bere "estrategia berriarekin uztartzen" direla: 2010. urtean, marka turistiko berriaren diseinuarekin eta Euskadi, goza ezazu leloarekin, Euskadi bere indarretako baten gainean posizionatu ahal izan da, emaitza arrakastatsuekin. Era berean, Jaurlaritzak Marketin Plan berri bat onartu du, sustapen-politika berriekin eta Euskadiko turismo-produktuen definizio berri batekin, gure potentziala sendotzeko aukera emanez. "Era berean, Euskadi atzerrian sustatzeko Turespañarekin egindako
lankidetzaren emaitza positiboak nabarmentzen dira", baloratu du Eusko Jaurlaritzako Turismo sailak.

Datuen azterketatik zenbait ondorio atera ditu Turismo sailak. Besteak beste, Euskadik 19 hilabeteko hazkunde jarraitua darama, turisten sarrerari dagokionez. 2009. urteko uztailean hasi zen joera-aldaketa hori.

Gipuzkoan, %4 sarrera gutxiago

Lurraldearen arabera, urtarrilean Araban sarrerak % +5 hazi dira eta % +10 Bizkaian, baina Gipuzkoan % -4 murriztu. Ostatu-gauei dagokienez, Araban % +26ko hazkundea izan da, Bizkaian % +11 eta Gipuzkoan % -3ko beherakada.

Hiriburuei dagokienez, Gasteizen hazkunde ikusgarriari eutsi zaio, sarreretan % +7 eta ostatu-gauetan % +30 handitu baita. Bilbon, sarrerak % +6 eta ostatu-gauak % +8 handitu dira; aldiz, Donostian, bidaiarien sarrerak %-4 eta ostatu-gauak % -3 murriztu dira.

Sektorearendako laguntza gehiago

Datu horiek ikusita, Eusko Jaurlaritzak esan du "batez besteko egonaldia eta gure bisitarien gogobetetze-maila handitzeko gako-elementuak landu" nahi dituela, eta "sektoreari laguntzen jarraituko" duela, sektorearen lehiakortasuna indartu nahi duten laguntzak eta diru-laguntzak emanez, Euskadiko Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Planean erabakitakoaren ildotik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak