Izan ere, Gipuzkoako Diputazioaren helburua da 12 urtetik beherako neska-mutiko guztiak harrera-zentroetan barik familia harreretan egotea.
3 urtetik beherakoak
Harrera familiak behar dituzten ume horietatik %40k 3 urte baino gutxiago dituzte. Maite Etxanizek, Gizarte Gaietako diputatuak atzoko prentsaurrekoan azaldu zuen moduan, “ziurtatu nahi dugu 3 urtetik beherako haur bakar bat ere ez egotea harrera-zentroetan. Hortik abiatuta, 12 urtetik beherako haurrentzat ziurtatuko bagenu hori, ikaragarrizko aurrerapausoa litzateke”.
Erdia baino gehiago familietan
Hala ere, Diputazioko ordezkariek azpimarratu zuten familia harreren arloan orain arte egindako lanak “oso datu positibo eta interesgarriak” erakusten dituela. “Alde batetik familia harreren kopurua ia-ia egoitza harreren parekoa da. Kopuru horiei bakarrik etorritako adingabe atzerritarrei dagokiena kentzen badiegu, familia harreren ehunekoa (%58,35) egoitzetakoa baino nabarmen handiagoa da (%41,65)”. Nabarmendu zuten, baita ere, lau urtean, 2006tik 2010era familia harreren igoera %58koa izan dela.
Gehienak senideen etxeetan
Kopurutan begiratuta, gaur egun Gipuzkoan 266 ume daude familia harreretan, eta 289 ume egoitza harreretan. Familia harreren kasuetan, gehienetan adingabeen senideak (aiton-amonak, osaba-izebak…) arduratzen dira umea hartzeaz (141).
Harrera familia profesionalak
Gogora ekarri zuten, baita ere, 2007az geroztik, Familia Harrera Profesionalizatuaren Programa abiarazi zuela Diputazioko Gizarte Politikako Departamentuak. Familia harrera mota horien kasuetan, “familiako kide batek prestakuntza espezializatua” izaten du eta familia harrera “bere lanbide bihurtzen” du. 2010eko abenduaren 31ko datuen arabera, gaur egun halako 17 familia daude Gipuzkoan.