May-Bi: "Neska arruntak eta ameslariak gara"

Maider Arregi 2011ko otsailaren 21a

Bea Asurmendi aramaioarrak eta Miren Oteitza eibartarrak osatzen dute May-Bi proiektua. Indartsu sartu dira musika esparruan bi neska xarmant eta gazte horiek. Bi gira saioan ezagutu genituen eta ahots goxo eta sakonak konkistatu egin gintuen pantaila txikian. Lan berriarekin datoz orain.

Oso abesti eta estilo ezberdinak batzen dituen diskoa da.

Baladak, ukitu elektronikoa duten  doinuak eta sehaskako abesti bat, besteak beste, batzen ditugu lehen lan honetan. Estilo ezberdinetako kantuak sartu ditugu eta uste dugu horrek egiten duela aberats diskoa. Jende askorengana helduko den lana egin nahi genuela garbi geneukan. Positiboa da guretako; horrela, bestelako erregistroak probatzen ditugu.

Eusko dance delakoa berreskuratu duzue 2011n.

Jende askok hartu du parte abestiak egiten eta dance doinuak ere landu nahi genituen, jendeak gustu ezberdinak ditu-eta. Oihan Vega, Fran Lasuen eta Silvia San Migelen laguntza izan dugu lehen lan honetan. Esan bezala, efektu elektronikoak sartu ditugu dance ukitu hori izateko, besteak beste. Gitarren presentzia ere badago abestietan. 

"Bi neska arrunt ameslari", diozue zuen letretan.

Arrasateko kantu eskolan ezagutu genuen elkar. Ondoren, Bi gira programan hartu genuen parte eta handik sortu zitzaigun diskoa kaleratzeko aukera. Gure ametsa betidanik diskoa grabatzea izan da, eta hortik dator istorioa, bi neska arrunt ameslari gara, halaxe definitzen dugu gure burua.


Sexiak zarete!

Bi gira saioan Lady marmalade abesti sexia abesteko eskatu ziguten. Oso ondo pasatu genuen! Diskorako holako abesti bat proposatu ziguten, eta, denetarik probatu behar denez, aurrera egin dugu. Baina diskoan badago sexuarekin zerikusirik ez duen abestirik ere.

Nor bidaltzen duzue pikutara?

[Barre] Ez da pertsona konkretu bat. Egoera edo jende talde bat izan daiteke. Bizi egin nahi dugula aldarrikatzen dugu abesti horretan.

Diskoa entzun dutenek zer esan dizuete? Nola hartu dute?

Denetarik esan digute. Batzuei arraroa egiten zaie Pikutara edo Sexua moduko abestiak. Baina denetarik probatu behar da;  nahiz eta hasiera baten geure burua ez ikusi horrelako abestiak kantatzen, pozik gaude lortutako emaitzarekin. Jende horri denetarik probatu behar dela esango genioke. Gainera, askotariko estiloak jorratzen dituen diskoa jende gehiagorengana helduko dela uste dugu.

Ze proiektu duzue esku artean?


Kontzertuak ematea da gure asmoa orain. Hilaren 25ean Elorrion joko dugu. Uda partean, berriz, indartu egin nahi ditugu zuzenekoak eta bira bat egin diskoa ezagutzera emateko. Bigarren lan baterako proposamena eta aukera daukagun arren, orain, disko honetan zentratu nahi dugu, eta disfrutatu.

Dance saiakera eta distira akustikoa

Hona hemen orain arte gutxi jorratu den euskal pop eta dancearen eremuan jauzia egiteko ahalegin berria. Fran Lasuenek eta Oihan Vegak gidatu dute proiektua eta horretarako Bea Asurmendi eta Miren Oteitza abeslari gazteak fitxatu dituzte. Asurmendi eibartarra ez nuen aurretik ezagutzen, baina bai, ordea, talentu handia daukan  Aramaioko Bea Asurmendi abeslari eta gitarra-jotzailea. Pop eta elektro-dance ildoak jorratu dituzte, batzuetan Nahia Dancetik hurbil; Madrilgo mobida-ren arrastoekin beste batzuetan; eta Doctor Deseoren malenkoniaz ziprindituta inoiz. Hala ere, Asurmendi akustikoan aritzen den horietan lortzen dute benetan ahotsek duten distira!

Iker Barandiaran

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak