Eroskiko bazkideek %5 gehiago egingo dute lan

Leire Kortabarria 2011ko otsailaren 18a

Eroskiko bazkide kooperatibistek erabaki dute aurten 2009an baino %5 gehiago lan egitea, orduko soldatari eusteko; edo, aukeran, orain arte adina ordu egin ahal izango dituzte, baina %5 gutxiago kobratuta. Horrela jakinarazi zuen atzo Agustin Markaide presidenteak, kazetariekin izan zuen batzar baten.

Iaz, Eroskiko bazkideek erabaki zuten %10 lan gehiago egitea, aurreko ekitaldiko soldata berberak eduki ahal izateko.
Agustin Markaidek atzo izan zuen kazetariekin lehenengo topaketa Eroskiko presidente kargua hartu zuenetik. Esan zien Eroskik "egonkortu" egin duela bere finantza egoera, eta "nabarmen" hobetu duela bere eragingarritasuna.

Bezeroarengandik gertuago

Aro berri honetan, Eroskik bezeroarengan arreta handiagoa jarri nahi duela esan zuen Markaidek. Bere esanetan, "gertuagoko" denda bat lortu nahi da, prezio "erakargarrietan" oinarrituta, baina kontsumitzaileen aukera kopurua txikitu barik. Gaineratu zuenez, Eroski taldeak prezioak txikitu ditu, eta hori lotuta dago bere eragingarritasun handiagoarekin.

Markaidek esan zuenez, Eroskiren dendek eskaintza hobea egiten ahaleginduko dira, eta tokian tokiko produktu gehiago eskainiko dituzte, dendak euren erreferentzia-lekuan hobeto integratzeko. Horretarako, tokian tokiko ekoizleekin akordioak egiten ahaleginduko dira.

Horrez gain, Eroskiren marka indartu nahi du taldeak. Gaur egun, 3.000 erreferentziatik gora batzen ditu Eroskiren markak, eta bere salmenten %35 dira.

Filialak, kooperatiba bihurtzen

Eroskiren beste erronka bat da taldea guztiz kooperatibo bihurtzea. Prozesu hori, Markaidek esan zuenez, ez da unean unekoa, eta esan zuen badabiltzala pausoak ematen Eroskiren filialak kooperatiba bihurtzeko. "Lehenengo kooperatiba berriak datorren urtean ikusiko ditugula uste dut", esan zuen Markaidek.

Finantza aldetik, "egonkor"

Eroskiren finantza egoera "egonkorra" da, Markaideren hitzetan. Esan zuenez, taldearen zor egoera hitzartutakoa baino hobea da, izan ere, banketxeekin adostu zituen bere zorraren zati bat amortizatzeko epe berri batzuk. Kredituak aurreikusi baino lehenago bueltatzen dabiltzala esan zuen Agustin Markaidek.
Onartu zuen joan den ekitaldia sektore osoarendako salmenta aldetik "ahula" izan zela, eta maiatzaz geroztik txarrera egin zuela. Gaineratu zuen salmentek ez dutela hobera egingo epe laburrean, baina txarrera ere ez. Eroskiri dagokionez, esan zuen euren merkatu-kuotak ez zuela gorabeherarik izan, eta %11,5en ingurukoa izan zela. Oraingo ekitaldian, euren helburua da hortxe jarraitzea.
Gaineratu zuen Eroskik ez duela oraingoz dauzkan negozio segmentuetatik (lurrindegiak, bidaiak, kirolak…) "mugitzeko" asmorik, eta diru edo finantzaketa aldetik ere ez dutela horren "beharrik".
Azken zazpi urteen aldean, inbertsio gutxiago egin dituztela esan zuen Eroski taldeko presidenteak, eta "denbora baten, berdin jarraituko" dutela, inbertsio horiei etekina ateratzeko aukerak zalantzagarriak direlako oraindik. Horregatik, Eroskik bere oraingo proiektuekin jarraituko du, ekonomia egoerak noiz hobera egingo duen zain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak