Debagoieneko 671 langile zeuden botoa ematera deituta atzo, eguaztena, Bergarako Ipintza institutuan. Eguerdi partera arte 100 bat boto emanda zeuden, baina gero jende gehiago animatu zen eta, azkenean, erroldako erdiek baino zertxobait gehiagok eman zuten bozka: 671 langiletik 355ek (%52,9).
Ordezkariak ez dira bailaraka edo lurraldeka aukeratzen, baizik eta Euskadi osorako. Eta oro har, euskal sindikatuek jarraituko dute gehiengoa izaten Hezkuntzako irakasle funtzionarioen ordezkaritzan, orain arte bezala: STEE-EILAS eta LAB izan dira, hurrenez hurren, sindikatu bozkatuenak eta ordezkari sindikal gehien lortu dituztenak, eta ELAk 19 ordezkari lortu ditu, laugarren geratuz.
CCOOk, 10 gutxiago
Nabarmena da CCOOren porrota, hamar ordezkari galdu baititu. Orain arte bera zen sindikatu nagusia, 2007an botoen %31,3 eta 31 ordezkari lortuta, eta orain STEE-EILAS da, botoen %30,3 eta 30 ordezkari lortuta. Kontuan hartu behar da 2007an eta orain ordezkari kopuru berbera aukeratu dutela: 99.
Horrenbestez, hauek izan dira emaitzak irakasle funtzionarioen artean: STEE-EILAS (botoen %30,3 eta 30 ordezkari), LAB (%%24,2 eta 24), CCOO (%%21,2 eta 21), ELA (%19,2 eta 19) eta UGT (%5,1 eta 5). 2007ko emaitzak hauek izan ziren: lehenengo, CCOO (botoen %31,3 eta 31 ordezkari), STEE-EILAS (%25,3 eta 25), LAB (%20,2 eta 20), ELA, (%18,2 eta 18) eta UGT (%5,1 eta 5).
Beste lau taldek bozkatu dute
Horiek izan dira emaitzak hezkuntza sare publikoko unibertsitateko ez beste irakasle funtzionarioendako. Baina Hezkuntza Saileko bestelako langileek ere aukeratu dituzte euren ordezkariak. Hauek izan dira emaitzak: lan-legepeko irakasleak (heziketa berezia): LAB (botoen %38,3 eta 18 ordezkari), ELA (%27,7 eta 13), STEE-EILAS (%21,3 eta 10), CCOO (%12,8 eta 6) eta UGT (%8,6 eta 3); zerbitzuetako langileak: LAB (%42,9 eta 15 ordezkari), ELA (%37,1 eta 13), CCOO (%11,4 eta 4) eta UGT (%8,6 eta 3); erlijio irakasleak: CCOO eta ELA berdinduta (%42,9 eta hiruna ordezkari) eta UGT (%14,3 eta ordezkari bat); eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak: LAB (botoen %26,7 eta 23 ordezkari), STEE-EILAS (%23,3 eta 20), CCOO (%19,8 eta 17), ELA eta UGT berdinduta (%15,1 eta 13) eta UGT (%15,1 eta 13).