Debagoieneko hainbat elkartek ere jendea kontzientziatzeko eta boluntario gehiago erakartzeko ekintza bereziak egingo dituzte aurten. Horretarako, lehenengo batzar bat egin zuten urtarrilean, eta datozen hilabeteotan berriz batuko dira ekintza batzuk adosteko. Hala ere, euren ateak beti daude jendearendako zabalik: "Premia handiak ditugu, eta aukera polita da animatzen direnendako", esaten du batzar horretan egon zen Mirari Korta, Hurkoa fundaziokoa.
Dagoeneko boluntarioak diren debagoiendar batzuekin egon da Goiena. Biharko Goiena aldizkarian eta telebistan erreportaje zabalak izango dira. Hor ezagutuko ditugu, besteak beste, Oñatiko Caritas taldeko kideak; Aretxabaletako Aratz taldeko Jokin Antxia, adimen gutxitasuna dutenekin buru-belarri lanean; Marta Bermejo, 14 urtean Gurutze Gorriko boluntarioa; edo Paloma Martínez eta Ouiame Ouchen (argazkian), musu-truk bost hizkuntzatan Hemen aldizkaria egin eta argitaratzen dutenak.