Txikienek gustuko dute irakurtzea; zalantza gutxi, liburutegietako haur eta gazte sailetan mugimendu handia egoten da. Asun Agiriano Arrasateko bibliotekako haur eta gazte liburutegiko arduraduna da eta bere ustez guraso askoren eskutik heltzen dira haurrak liburutegira ze egungo gurasoak ez ei dira lehengoak eta haur belaunaldi berriak irakurzaleago dira eta hori garbi ikusten da. "Liburuarekiko harremana garai bateko belaunaldietan ezagutu genuena baino lehenago agertzen" dela azaltzen du, "ohikoa bihurtu" dela "gurasoek umeei etxean ipuinak irakurtzea".
Animazio ekintzen garrantzia
Agirianoren esanetan irakurketa bultzatzeko animazio-ekintzak garrantzitsuak dira. Aldian behineko kanpainetatik haratago, “sarri eta maiztasun batekin” antolatuta. Agirianok argi utzi gura du ez direla "jolas saioak ezta pailazo emanaldiak ere". "Beti literatura eta liburutegiko zerbitzuak herritarrengana hurbiltzeko" ekitaldiak dira; ez dela "ludoteka", alegia, "jolas moduan har badaiteke ere, umeek ez dutelako jolasa bezala ulertzen".
Iritzi berekoa da Aretxabaletako liburuzain Joseba Lopez de Armentia. "Zaletasuna txiki-txikitatik hasten da eta horregatik bultzatzen goiz hasi beharra" dagoela dio. Bost urte inguruko haurrak omen dira gehien joaten direnak eta nabari da orain dela urte batzuk hasitako sustapen saioek fruituak ematen dituztela.