Esker oneko berbak erabili zituen Markel Olano Diputatu Nagusiak Diputazioaren Kudeaketa Planaren balantzea eta etorkizunerako proposamenaren harira atzo iluntzean (eguaztena) egin zuen agerraldian. Esker oneko berbak, besteak beste, 2007-2011 jardunean Diputazioaren “ardatz nagusietako bat” izan den Gipuzkoa Aurrera ekimenean parte hartu dutenendako, tartean, Mondragon Taldearendako.
Zazpi erronka
Etorkizunera begira, berriz, Olanok aipatu zuen zazpi erronka aurreikusi dituela Gipuzkoako Foru Aldundiak: lurraldeko enpresen lehiakortasuna bultzatzea; babes sozialeko sistemaren finantzaketa, erreforma fiskala tarteko; ikus-entzunezkoen kluster handi bat sortzea Tabakaleraren inguruan; komunikabide-azpiegitura handiak burutzea; Eko-Gipuzkoa fundazioa sortzea, energia aurreztu eta garapen iraunkorra bultzatzeko; LandaGipuzkoa programa 2.500 biztanletik beherako herri guztietara zabaltzea eta lurraldeko gobernantza aldatzea.
Bosgarren edukiontzia
Markel Olanok berbagai izan zuen, baita ere, legealdi honetan zeresan ugari eragin duen zaborren kudeaketaren gaineko gaia. Diputatu Nagusiaren esanetan, San Markoseko zabortegia itxi ostean, gainerako zabortegiak ere ixteko asmoa dute, "unea iristen denean". Horren harira, aipatu zuen “azken belaunaldiko erraustegia eraikitzeko lehen urratsa” egin dutela eta besteak beste, bosgarren edukiontziaren instalazioa eta hedapena” bultzatuko dutela, "etxeetako hondakin organikoen gaikako bilketa egiteko xedearekin".
Beasain-Bergara korridorea
Garraioaren eta azpiegituren atalean, Lurraldebus Txartela aipatu zuen esanez “lau gipuzkoarretatik batek Lurraldebus txartela erabiltzen” duela. Besteak beste, Beasain-Bergara korridorearen garrantzia nabarmendu zuen esanez “gaitasun handiko errepide berri baten bitartez, N1 errepidea eta AP1 autobidea elkartu eta era horretan “Gipuzkoaren biribilgunea hegoaldetik osatu eta Gipuzkoa barrualdeko eskualdeak komunikatuko” dituela. Eta oinezko eta bizikletei begira, Olanok azpimarratu zuen 87 kilometro bidegorri erabilgarri daudela.
Garaia Berrikuntza Gunea, Gatzaga eta Arantzazu
Ekonomiaren atalean egindako inbertsioen artean “zientzia eta teknologia azpiegitura sare erakargarria” sortu izana aipatu zuen, tartean, Garaia Berrikuntza Gunean egindako inbertsioa. Eta LandaGipuzkoa 32 ekimenaren barruan, Leintz-Gatzagan eta Arantzazun egindako inbertsioak ere berbagai izan zituen.
"Gipuzkoa, euskararekin bat"
Bukatzeko, beste atal bat aipatzearren, kiroletan, Realarekin sinatutako hitzarmena nabarmendu zuen, eta hari esker “Gipuzkoa, euskararekin bat” leloa hedatu izana. Eta jakinarazi zuen 2010-2011 urteetan 38 modalitate eskaini dituztela eskola-kirolean, 8 eta 16 urte bitarteko gazteei begira.