Seiak arte bozkatzen dihardute Hezkuntzako langileek

Leire Kortabarria 2011ko otsailaren 16a

Goizeko hamarretan ireki zituzten bozkatzeko ontziak Bergarako Ipintza institutuan, Debagoieneko Hezkuntza publikoko langileek euren ordezkari sindikalak aukeratzeko botoa eman zezaten. 18:00ak arte izango dute horretarako aukera. Momentuz, normaltasunez doa bozketa eguna eta 100 bat lagunek eman dute botoa.

Debagoienean, 600 lagun inguruk dute bozka eskubidea gaur. Hor daude Hezkuntza Sailaren mende dauden zentroetan diharduten langileak, irakasleak zein bestelako guztiak. Ordezkariak Euskadi osorako aukeratzen dira; hau da, Debagoieneko langileek ez dituzte euren ordezkari propioak izango.

Euskadin, 32.000 langile daude bozkatzera deituta. Datozen lau urtean izango dituzten ordezkariak aukeratuko dituzte. Honako hautagaitzak dituzte: CCOO, STEE-EILAS, LAB, ELA, UGT eta CSIF. Gipuzkoan, 10.408 lagunek osatzen dute zentsua.

Orain azkeneko hauteskundeetan, deitutako langileen %55,19ek eman zuten botoa. Alderdi bozkatuena CCOO izan zen (botoen %31,13, 31 ordezkari), baina gehiengo sindikala izan dute STEE-EILAS, LAB eta ELAk, botoen %60,80ekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak