Gurean izan den gripearen %99 A motako gripea izan da

Ubane Madera 2011ko otsailaren 16a

Gripeak aurten gure ibarrean utzitako datuen arabera, AH1N1 gripe mota ezaguna (A gripea) izan da nagusi gaixoen artean: %99. Hala ere, aurten ez da iazko alarma egoerarik sortu, “iaz ikusi zelako birus horren portaera gripe arruntarenaren antzerakoa zela, baita hilkortasun-tasari dagokionez ere”, adierazi zu Mertxe Gabarik, Debagoieneko Ospitaleko Medizina Prebentzioko medikuak.

Bukatzear dago gripearen kontrako aurtengo sasoia. Infekzio datuak geroago eta urriagoak dira, eta hilabete amaierarako osasun adituek bukatutzat emango dute gripe-sasoia.

Urtarrileko bigarren astea

Aurten, urtarrilaren bigarren astean izan du gripeak eraginik handiena; “iaz, berriz, urriko azkeneko astean izan zuen, maiatzean hasi zelako A birusaren pandemia”, adierazi du Mertxe Gabari medikuak.

Sei lagun ospitaleratuta

Adin tarteari dagokionez, berriz, 0-14 eta 25-44 urte bitartekoei eragin die batez ere; “sexuei begiratuta, berriz, berdin gizon edo emakumeei”; eta ospitaleratze kopuruari dagokionez, berriz, sei kasu bakarrik ospitaleratu behar izan dituzte Debagoieneko Ospitalean, “42-72 urte bitartekoak ziren eta arrisku faktoreak zituzten guztiek. Bestalde larrialdiarengatik lekualdaketa bakarra egin behar izan dugu, Gasteizera”, kontatu du Gabarik.

Iaz baino %4 txerto gehiago

Txerto kontuei dagokienez, berriz, guztira 11.950 txerto ipini dituzte aurten, “iaz baino %4 gehiago”. Ezaugarriei begiratuta, %80 izan dira 65 urtetik gorakoak;%64,8 bronkitis kronikoa dutenak; %60,1 diabetikoak eta egoitzetan edo bestelako erakundeetan ingresatuta daudenen artean %95ak jaso du txertoa.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak