Beste lau urterako MUko errektore

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko otsailaren 16a

Josu Zabala beste lau urterako izendatu dute Mondragon Unibertsitateko errektore. Zabala 2006tik da MUko errektore. Erabakia hartzerakoan, "egungo Plan Estrategikoaren proiektu garrantzitsuak abian jarri eta garatzerakoan errektoreak izandako jokaera" nabarmendu du MUko Errektore Kontseiluak. Baita "taldeei eta proiektuei adorea eta bultzada emateko izan duen gaitasuna".

Aurretik egin duen "lan bikaina" aitortuz eta unibertsitatea zuzentzeko pertsona egokiena bera dela uste dutelako berretsi dute karguan Zabala. Mondragon Unibertsitatearen estatutuen arabera, lau urtean behin berritu behar kargua errektore.

Josu Zabalak 58 urte ditu, ezkondua da eta hiru alaba ditu. Donostian Ingeniaritza ikasketak egin zituen eta Tolosako (Frantzia) Paul Sabatier Unibertsitatean amaitu zituen ikasketak. Elektronika, Elektroteknia eta Automatika doktoretzak ere lortu zituen unibertsitate berean.

Teknologiaren, ikerketaren eta kudeaketaren eremuetan lan egin du. Horrela, Errobotika Sailaren arduradun (1978-85) eta Diseinu eta Ekoizpen Teknologien Sailaren zuzendari (1986-99) izan zen Ikerlan Zentro Teknologikoan. Horren ostean, Fagor Etxetresnak enpresan aritu zen, Hotz eta Egoste Negozioetako kudeatzaile gisa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak