Oñati-San Prudentzio arteko bidegorri berriaren trazatu zehatza honako hauxe izango da: Oñatiko bidegorri sarearekin bat eginez, Kurtzekuan hasiko da eta Auntzokua baserriaren parean, saihesbidera hartuko du. Errepide azpitik segituko du bidea, San Pedroko bidegurutzeraino; handik Madalena aldera egingo du, eta Urteaga Azpikoa baserrira heldu baino lehen, ezkerrera hartu eta Fagor Industrialen atzetik eramango dute.
Lur-azpitik
Fagorreko biribilgunea, berriz, lur azpitik pasako du, eta Zubillaga aldera hartuko du. Gero, Ulma Forja eta auzoa gurutzatu ostean, Altuna enpresako zubia zeharkatu, eta Osinurdin pasata, trenbide zaharra hartuko dau San Prudentziraino.
Araztegiraino trenbide zaharretik
San Prudentziotik Epelera arteko zati osoa, berriz, trenbide zaharretik joango da, justu araztegia hasten den guneraino. Araztegia atzeko partetik zeharkatuko du bidegorriak, Kataide industrialderaino. Eta berez, hor eteten da Diputazioak aurkeztu duen bidegorri proiektuak. Baina Arrasateko Udalak Diputazioari eskatu dio Epeleko araztegitik aurrera, Eroski hipermerkaturaino ere eraiki dezala bidegorri zatia.
Desjabetzeak eta alegazioak
Gipuzkoako Diputazioak aurkeztu die Arrasateko eta Oñatiko udalei Oñatitik Arrasatera arteko bidegorri proiektua eta hura eraiki ahal izateko desjabetu beharreko lursailen zerrenda ere eman zien.