Sostengu ekonomikoa eskatu diete instituzioei euskarazko hedabideek

Ubane Madera 2011ko otsailaren 15a

Kopuru esanguratsuak aurkeztu dituzte gaur eguerdian (martitzena) euskarazko hedabide ez publikoek euskal gizartean duten pisua aitortu eta merezi duen adinako sostengu ekonomikoa aldarrikatzeko. Datuotako batzuk aipatzearren: 100dik gora euskarazko hedabide daude, 27.000.000 eurotik gorako aurrekontua mugitzen dute, 7.000.000 euro inguru sortu eta ordaintzen dituzte gizarte segurantza eta zerga bidez eta 7.500.000 jasotzen dituzte diru-laguntzen bidez. Donostian egin dute agerraldia, Koldo Mitxelenaren aurreko aldean, Goienaren ordezkaritza tartean zela.

Datu ekonomikoez gainera, baina, bestelakoak ere jakinarazi dituzte, sektorearen indarra azpimarratzeko. Adibidez, “gizartearen informazio eskubidea asetzeko bidea ematen” duela; “hizkuntza normalizaziorako eragile nagusietakoak” direla; lanpostuak sortzen dituztela eta sektore horrek “jasotzen dituen laguntza publikoetatik zati handi bat berreskuratzen duela gizarteak baita parametro ekonomikoetan ere”. 

Prekarietatean lanean

Hala eta guztiz ere, salatu dute “krisi ekonomikoak gogor astindu dituela euskarazko hedabideak” eta biziraupena hedabideon “erdigunean kokatu” dela. Nabarmendu dute 30 urteotan lanean dabiltzala eta erakundeek “aspaldi aitortua” diotela sektoreari “euskara eta euskal kultura sustatzeko zereginean duen estrategikotasuna”. Hala ere, “egungo laguntzek kasurik onenean prekarietatean bizirauteko aukera eskaintzen” dietela salatu dute.

Publizitate instituzionala

Horregatik guztiarengatik, laguntzetan baliabide handiagoak aldarrikatu dituzte; “egungo laguntza deialdiaren dinamikatik bide egonkorragoetarako urratsa egin beharra” dagoela adierazi, eta publizitate instituzionala egiterako orduan “beste politika bat” eskatu, “instituzioek eta erakunde nagusienek ez dutelako euskarazko hedabideen indarra kontuan hartzen”.

Politikari eta instituzioekin elkartzeko asmoa

Hori horrela, iragarri dute aurrerantzean euskarazko hedabideek elkarrekin ekimenak egiten segituko dutela. Webgunea sortu dute halakoen berri emateko: www.blogak.com/hedabideak. Eta martxoa eta apirila bitartean instituzio eta alderdi politikoetako ordezkariekin elkartzeko asmoa dute, “sektorearen berri zuzenean eman eta politika aldaketarako proposamenak” lantzeko helburuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak