Kontuan hartu behar da 400 euro horiek langabearen formazioa diruz laguntzeko direla; horregatik, jaso nahi dituenak ezinbestean ikastaro edo formazio plan bat egin beharko du. Hor ikusten du zailtasunetako bat Arrasateko Lanbideko Elena Mondragon arduradunak: "Debagoienean ez dago ikastaroetan plazarik; dena bete-beteta dago".
Jende asko joan da dagoeneko Arrasateko INEM eta Lanbide zerbitzuen egoitzara informazio eske. "Guk eskaera-inprimakiaren zirriborroa bakarrik daukagu oraingoz. Gasteiztik eman behar digute informazio eta baliabide gehiago", esaten du Elena Mondragonek. Eta eskatu behar dituztenek "dokumentazio tramite guztiak oso ondo beteta" izan beharko dituztela gaineratzen du, izan ere, diru-laguntza hori zelan ematen den Europako Fondo Sozialak gainbegiratu dezake.
426 euroak jaso zituztenak, kanpo
Espainiako Gobernuaren helburua da "enplegu deuseztapenak kaltetutakoak" bereziki laguntzea: gazteak, luzaroan lanik gabe egon diren 45 urtetik gorakoak, eraikuntza sektoretik datozen langabeak eta kualifikazio maila txikia duten "krisiak kaltetutako beste batzuk".
Eta 400 euroak kobratzeko baldintzak hauek dira:
- Langabezia prestazioa bukatuta izatea otsailaren 16tik aurrera
- Langabearen familia-unitatearen errentak ezingo dira izan 481,05 euro baino gehiagokoak (Lanbide-arteko Gutxieneko Soldataren %75)
- Aurreko PRODI programaren 426 euroak jaso zituztenek ezingo dituzte laguntza hauek jaso
Era berean, denbora batez 400 euroak kobratu nahi dituenak beste bi baldintza bete beharko ditu:
- Lan-merkatuan sartzeko dituen aukeren diagnostikoa egiteko balioko duen txertaketa programa pertsonalizatu bat egin
- Enplegu politika aktiboak jarraitu