Zelako jendea dabil ikastaroan?
13 lagunetik bakarra da Bergarakoa. Dauzkat marokoarrak, boliviarrak, aljeriarrak… Bestalde, daude bikotekidea dutenak, familia eta umeak dituztenak, langabeak… Saiatuko naiz hil bukaerara ailegatu daitezen laguntzen, eta baita bizi garen jendartearen dinamikan jausi ez daitezen.
Ze dinamika da hori, bada?
Hipokresiaren eta itxurakeriaren jendartean bizi gara. Eurak garaiz daude hor ez jausteko.
Eta horretarako ze aholku emango dizkiezu?
Lehenengo, ikusi behar da familiak ze diru-iturri dauzkan eta ze zulo hilean zehar. Erosketak egiten ere ikasi egin behar da: noiz, non eta nola erosi; produktu bakoitzari begiratu eta etiketa, bertako nomenklatura, konposaketa… irakurtzen ikasi. Jantziak zelan erosi ere landuko dugu: etiketa irakurri behar dela; eta hobe dela ez erostea bakarrik tindategian garbitu daitezkeen arropak.
Eta familia burujabea zer den ere ikusiko dugu: kontserbak zelan egin; non eta zer erosi; garaiko jatekoak erosi eta izoztu egin daitezkeela…
Kontsumismoaren aurka dauden joerak ere ikusiko ditugu: 2. eskuko dendak, trukea, etxeko brikolajea eta konponketak, bizilagunek elkarrendako lanak egitea, trukean…
Zelan kontrola ditzake familiak bere diru-sarrerak eta bere gastuak?
Familia bakoitzak bere modua izan dezake. Baina oinarria da ikustea ze diru-sarrera ditugun, eta zerrenda bat egitea ezinbesteko gastuekin, hilekoak, bi: hipoteka dela, poltsikoko telefonoa dela… Kenketa hori eginda irteten dena da jateko, janzteko eta gure beste gastuetarako geratzen zaigun dirua.
Ikastaroan dauzkadanek oso diru-sarrera txikiak dituzte, baina konturatzen dira ez dutela ondokoak adina diru gastatzeko. Gure jendartean, itxuran behintzat denok aberatsak bagina bezala bizi garela konturatzen dira: oporretara joateko kredituak eskatzen direla; ondokoak auto dotorea erosten badu guk ez dugula gutxiago izan nahi, umeek txikitatik lortzen dutela nahi duten guztia erosi diezaiegun…
Seme-alabek zer egin dezakete edo egin beharko lukete, zure ustez?
Etxeko ekonomia denon ardura da. Lehen, seme-alaben soldata etxerako zen; orain, eurendako da. Umetatik, nahi dutena lortzen ohitzen dira, baina hori ez da umeen errua, gurasoona baizik. Kontzientziazioa gurasoongandik hasi behar da. Umeei ezetz esaten ikasi behar dugu, eta garenak, ez daukagunak duela balioa.
Eguneroko bizitzan, zelan saihestu ditzakegu alferrikako gastuok?
Astean ze janari prestatuko dugun programatu egin behar dugu, eta behar ditugun gauzen zerrenda egin erostera joan baino lehen.
Aprobetxatu egin behar dira promozioak, baina gogoratuz promozio batzuek soilik lortzen dutela norberak dirua gastatzea.
Bestalde, orain denboraldiz kanpoko produktu asko eskaintzen dizkigute, eta konturatu behar gara horrek produktuaren kostua eta prezioa handitzen dituela.
Etiketak irakurtzen jakitea ere oso garrantzitsua da: adibidez, atun pote baten pisu netoa edo pisu xukatua (eskurritua) zer den jakin; ze motatako olioa duen, koko edo palma olioak koipe saturatuak dituztelako…
Oro har, gehienez 20 euro edo dena delakoa gastatzeko erabaki zintzoarekin bagoaz, hori baino gehiago ez dugu gastatuko.
Kapritxoak non geratzen dira?
Bai; ni neu ere jausten naiz horietan, ez naiz beti nire buruarekin kontsekuentea. Nahi baino gehiago gastatuz edo janez gero, egun batzuetan ohi baino gutxiago kontsumitu beharko genuke, hori orekatzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------
Etxean dirua aurrezteko:
-Matematikak: hilean edo bi hilean behin zerrendatu gastu finkoak (hipoteka, fakturak…) eta diru-sarrerak. Geratzen dena erabil dezakegu bestelako gastuetarako; gehiago ez.
-Jatekoak: garaiko jatekoak izoztu egin daitezke –garaitik kanpo erostea askoz garestiagoa izaten da– eta kontserbak egiten ere ikasi.
-Irakurri: etiketak irakurtzen ikastea komeni da: jantzietan, jakiteko zeintzuk garbi ditzakegun etxean eta zeintzuk ez; jatekoetan, ze osagarri duten eta pisu garbia zein den.