Administrazio Kontseiluko kide guztiak, ELA eta LAB sindikatuak izan ezik, izan dira gaur Gasteizen Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardun-ildoak eta erabaki nagusiak arautuko dituen organoaren eraketan. Ekitaldian Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua eta Administrazio Kontseilu eratu berriko presidentea den Gemma Zabaletak hartu du parte.
Administrazio Kontseiluak lehen bilerarako deialdia egin du dagoeneko, otsailaren 17rako, 2011ko ekitaldian egingo diren enplegu-politika aktiboen programarik garrantzitsuenetako batzuk lehenbailehen onartzeko.
Izan ere, enplegurako laguntzei buruzko programa nagusietako batzuei eutsi eta lehentasuna eman die Lanbidek, ezgaituak laneratzea sustatzeko eta langabeen lanbide-heziketa sustatzeko programei, besteak beste.
Erabakiak hartzen ditu
Administrazio Kontseilua Lanbideren gobernu-organo gorena da, eta hirukoa, paritarioa eta erabakitzailea da. Honako kide hauek ditu: Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta, presidentea; Enplegu, Prestakuntza eta Gizarteratze sailburu Javier Ruiz, presidenteordea; Lanbideko zuzendari nagusi Javier Ramos, idazkaria; eta 15 kide, Eusko Jaurlaritzaren zenbait sail, EAEko patronala eta euskal indar sindikal nagusiak ordezkatuz.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ordezko kidea Lanbide Heziketako sailburuorde Carlos Crespo izango da; Ekonomia eta Ogasun Sailak, berriz, Ekonomia, Aurrekontu eta Kontrol Ekonomikoko sailburuorde Andrés Araujo izendatu du kide; eta, azkenik, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila Eusko Jaurlaritzako Industria Garatzeko zuzendari Juan José Garayarrek ordezkatuko du Lanbiden.
Confebaskek honako kide hauek izendatu ditu: Nuria López de Gereñu, Confebaskeko idazkari nagusia; eta José Miguel Aiertza, Francisco Javier Azpiazu, Juan Ugarte eta Jon Bilbao. Sindikatuak ordezkatuz, ELAK Mikel Noval eta Joseba Villareal izendatu ditu; CCOOk María Dolores García; LABek, Oihan Ostolatza; eta UGTk, Felipe García.
Hartu-emanik ez ELA eta LABekin
ELA eta LAB sindikatuek "suspentsoan" utzi dute euren parte-hartzea eta ez dira ekitaldira joan. Euren esanetan, Lanbide sortzeko prozesuak iraun duen bitartean, Eusko Jaurlaritzak ez du eurekin hartu-emanik nahi izan.