Karra Elejalde umetan Leintz Gatzagan bizi izan zen eta saria jasotzerakoan aipatu egin du hori: "14 urtera arte Gipuzkoako Gatzaga herrian bizi izan nintzen".
Sara Mantxola, 11 urteko oñatiarra, Una caja de botones film laburreko protagonista da eta haren aita, Aitor Mantxola, filmeko argazki zuzendaria. Hortaz, sariaren zati bat eurena ere bada.
2009ko irailean errodatu zuten Maria Reyes Arias ordiziarraren zuzendaritzapean Una caja de botones; Medina del Campo (Valladolid) eta Madrilen izan zen astebeteko errodajea. Alabak (Sara Mantxolak) aitari (Antonio de la Torreri) Erregetarako eskatutako oparia egiterik ez izatea da istorioaren abiapuntua.
Esperientzia polita
Filmean parte hartzeko proposamena, Sarak egin zion bere aitari, zinemagintzan eskarmentu handia duen Aitor Mantxolari. Alabaren burugogorkeriaren aurrean, baimena eman zion casting-ean parte hartzeko. Esperientzia polita izan dela diote aita-alabek, nahiz eta hurrengorik izango den galdetzean, erantzun zehatzik ez duten. Ondo egindako lanaren fruitutzat hartu zuten Goya Sarietarako izendapena; ez dute gutxiago esango orain, saria jaso eta gero. Filmeko zuzendari Reyesek aita, ama, ahizpa, Ordizia eta Goierriri eskaini die saria, hunkituta.
Internet protagonista
Madrilen banatu dituzte Goya sariak bart. Internet izan da ekitaldiko protagonista eta hizpide. Alex De la Iglesia bilbotarrak, atzo arte Espainiako Zinema Akademiako presidentea izan denak, esan du Internet dela "salbazioa" eta sarea ez dela etorkizuna askok uste duten moduan, "oraina" baizik. Joko arauak aldatu direla-eta, erronka berriei eusteko, zinemagintzan dihardutenak mugitzera gonbidatu ditu De la Iglesiak.
Bilbotarrak hika-mikak izan ditu Gonzalez Sinde kultura ministroarekin, Interneteko deskargak, jabetza eskubidea eta berau bermatzeko legea direla-eta.