Agirreazaldegiren taldeak lortu zuen garaipena Beterriko bertso finalean

Irati Goitia 2011ko otsailaren 13a

Zapatuan jokatu zen Beterriko bertsolari finala Villabonan eta bi debagoienar aritu ziren nor baino nor: Ainhoa Agirreazaldegi bergararra eta Jokin Labaien arrasatearra.

Taldeka jokatu behar izaten dute bertsolariek bertso txapelketa honetan. Agirreazaldegi bergararra Donuletxi taldearekin aritu zen eta bere taldekideak Uxue ALberdi eta Onintza Enbeita izan ziren. Labaien arrasatearrak, bestalde, Donelontxo izeneko taldearekin hartu zuen parte eta Ander Lizarralde eta Unai Muñoaren laguntza izan zuen.

Agurra

Txapelketa honetan agurrak garrantzia berezia izaten du. Izan ere, bertsolariek etxetik eraman behar izaten dute prestatuta.
Nesken taldea jantzi mexikarrak soinean zituztela azaldu zen jendaurrera, korrido mexikar bat kantatuz.
Mutilen taldeak publikoa astoratu zuen munduko inprobisatzaileen bisitarekin. Lehenik Jokin Labaien azaldu zen Julian Iantzi aurkezlea imitatuz eta bertso lehiaketa bateko bikoteak aurkeztu zituen: batetik, Palestinako inprobisatzailea eta bere itzultzailea; eta, inprobisatzaile latinoamerikar bat eta Jon Sarasua, bestetik. Palestinarraren papera Ander Lizarraldek egin zuen eta barre algara ugari eragin zituen bere arabierak.

Umorea

Amaia Agirrek jarri zizkien gainontzeko ariketetan umorea izan zen nagusi. Bertso saio batzuk luzatu ere egin zituzten, jendea gustura zegoelako. Adibidez, Onintza Enbeita eta Unai Muñoaren arteko ligeek jendearen algarak sortu zituzten. Bi taldeek erakutsi zuten maila bikaina umore puntuan eta bata bertsoen kalitatean. Azkenean, neskak garaile eta mutilak aulkiaz konformatu behar. Ikusleek bozkatzen dute euren talderik gustukoena eta neskek 71 boto eskuratu zituzten eta mutilek 52.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak