Mireia Ignacio: "Penelope Cruzi apainduko nioke ilea, orrazkera oso klasikoak eramaten baititu"

Ander Monedero 2011ko otsailaren 13a

20 urte ditu Mireia Ignacio aretxabaletarrak. Euskal Autonomia Erkidegoko beste ile-apainketa ikasle batzuekin Euskoskills izeneko lehiaketan parte hartu eta irabazi egin zuen. Apirilean, Madrilen Espainiako erkidego bakoitzeko ordezkariekin lehiatuko da.

Zer da Euskoskills txapelketa?
Euskal Autonomia Erkidegoko heziketa-zikloetako ikasleen arteko olinpiada da. Ni ile-apainketa ikasle moduan joan nintzen, Gasteizko Molinuevo eskolako ordezkari moduan. Gasteizko, Zarauzko eta Barakaldoko eskoletako sei ordezkari izan ginen, eta, nahiz eta ez espero, nik irabazi nuen.

Nolako proba egin zenuten?
Ba, fantasiazko ile-biltze bat egin behar genuen. Tira, hasieran ez nekien zer egin eta ideiak hartzeko aldizkari batzuk begiratu nituen, baina ez nuen ezer argirik buruan. Zerbait deigarria egin nahi nuen eta ondo irten zen, manikiari egindako orrazkera oso ondo geratu zitzaion-eta.

Denbora luzea behar izan zenuen orrazkera egiteko?
Orrazkera egiteko hiru ordu eman zizkiguten, ile-apainketa on bat egiteko nahikoa.

Zer dakar Euskoskills moduko txapelketa bat irabazteak?
Ikasle batentzat motibazio handia da, erkideko ikasleen ordezkaria izango bainaiz  apirilean Madrilen egingo den Spainskills olinpiadetan.

Horrelako lehiaketa bat egiten den lehenengo aldia da?
Ez da lehenengo aldia Espainian txapelketa hau egiten dena, baina bai Euskadik erkidego moduan lehiaketa honetan parte hartzen duen lehengoa. Espainiako hemeretzi lehiakide izango gara eta zazpi egunean ile-apainketako probak egingo ditugu.

Zer-nolako probak egingo dituzue?
Zazpi proba izango ditugu: ileari kolorea eman, gizon eta emakumeen ile mozketa klasiko eta modernoa, bizarra moztea eta ile-biltzeak.

Zein da probarik zailena?
Gizon eta emakumeen mozketak dira probarik zailenak. Epai-mahaiak bi argazki emango dizkigu eta argazkietan agertzen den ile-mozketa bera egin beharko dugu. Proba hasten denean emango dizkigute argazkiak, eta, hori lehendik prestatzeko aukerarik ez dagoenez, probarik zailena izango dela uste dut.

Zerbait berezia prestatzen ari zara?
Bai, baina zein kolore erabili behar dudan bakarrik erabaki dut. Zerbait deigarria egin nahi dut eta lortu arte lanean jarraituko dut.

Irabazteko esperantzarik baduzu?
Ez dakit, ikusi egin beharko da zer-nolako maila dagoen txapelketan, baina niretzako saria da horrelako lehiaketa baten egotea.

Eta irabaziz gero, zer?
Ez dut uste Espainiako txapelketa irabaziko dudanik, baina nork daki, Euskadikoa irabaztea sorpresa izan baitzen. Spainskill txapelketa irabazten duenak Ingalaterran Worldskills Europen parte hartuko du eta hori irabazten duenak munduko ikasle olinpiada jokatuko du. Baina hori, niretzat, utopia da.

Zer da ile-apainketan gehien gustatzen zaizuna?
Egia esan, dena dut gustuko, baina zerbait aukeratzekotan, kolorea ematea gustatzen zait. Koloreak alaitasuna ematen dio aurpegiari.

Nori apainduko zenioke ilea?
Penelope Cruzi.

Zergatik?
Ile oso luzea duelako eta, nire ustez, orrazkera klasikoegiak erabiltzen dituelako. Nik ilea apainduko banio, orrazkera nabarmen eta ausarta egingo nioke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak