Oskar Elizburu: "Euskara erabili eta maite duten 'euskalakariak' gura ditugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko otsailaren 11

Apirilaren 14an helduko da Korrika Debagoienera. Eskualde osoa zeharkatuko du eta herri guztietatik igaroko da. Korrikaren eta AEKren gainean jardun dugu Oskar Elizbururekin, Gipuzkoako AEKren arduradunarekin.

Zela doaz aurtengo Korrikaren prestakizunak?
Korrikatuta gaudela esango nuke. Estresatu samar gaudela adierazteko erabiltzen dugu berba hori. Hilabete batzuk daroatzagu Korrika 17 antolatzen, ia aurrekoa amaitu zenetik. Ondo doa.

Korrika batzordeek dagoeneko lanean dihardute, ezta?
Bai; bederatzi batzorde sortu dira Debagoienean. Ibarreko herri guztietatik pasako da Korrika aurten. Angiozartik ere igaroko da eta hau berria da, inoiz ez baita bertatik pasatu. Angiozarren ere sortu dute batzordea. 

Euskalakaria berba asmatu duzue Korrikarako. Zer da?
Euskaltzaindiaren baimenarekin, berba hori hiztegiratzea gurako genuke. Zer den euskalakaria? Bada, hemen bagaude euskaldunak, baina euskara ez dutenak erabiltzen; badaude Euskal Herrian bizi arren, euskaldunak ez direnak. Eta, bestalde, benetan euskara maite, ikasten saiatu, etengabe hobetzen jardun, euskaraz bizi denak… Horiek zelan defini daitezke? Bada, euskalakariak dira horiek, gure ustez. Eskatzen diogu jendarteari, norbanakoari, euskalakari izateko.

Aurtengo berritasunetako bat da Euskalaketa lehiaketa, edo euskarazko bakarrizketa lehiaketa.
Bi lehiaketa antolatu ditugu aurten: Euskalaketa eta Euskalaklip. Euskalakari kontzeptua lau haizetara zabaltzeko. Euskalaketa da bakarrizketa lehiaketa, formatu txikiko antzerki lehiaketa. Euskal Herriko antzerki elkartearen laguntza jaso dugu eta haiek osatuko dute epaimahaia. Euskalaklip da antzeko zerbait, baina bideoklip formatuan. Hiru minutu inguruko musikazko bideoak. Betiere gure aurtengo leloa erabiliz: Maitatu, ikasi, ari… euskalakari.

Gose taldeak egin du aurten Korrikaren abestia.
Batzorde nazionalean hiruzpalau aukera aztertu ziren eta, azkenean, Goseri eskaintzea erabaki zen. Ustekabez hartu zuten, baina ilusioz eta gustura. Nik oso gustuko dut abestia, mezu garbi eta melodia itsaskorrekoa. Goseren estilokoa bete-betean.

Non hasi eta bukatuko da Korrika 17?
Apirilaren 7an hasiko da Trebiñun eta 17an bukatuko da Donostiako kaleetan. Trebiñuko hainbat eragilek eskatu zuten, Udalean planteatu zuten, eta eskaria egin zuten. Erronka moduan planteatu genuen han hastea. Amaiera beti izaten da hiriburu baten, eta aurten Gipuzkoan tokatzen zenez, Donostian amaituko da.

Debagoiena noiz zeharkatuko du eta zein izango da ibilbidea?
Apirilaren 14an Elgetatik sartuko da 04:40 aldera. Elorrio aldetik etorriko da. Handik Asentzio, Angiozar, Bergara, Antzuola, Deskarga…; gero, Udanatik sartuko da berriro ere Debagoienera: Oñati, Arrasate, Aramaio, Untzilla, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga… 11:00 aldera etorriko da Arrasatera Korrika.

Zenbat kilometro jarriko dituzue salgai Debagoienean?
70 kilometrotik gora. Korrika osoan, 2.000 baino gehiago.

Korrika laguntzaile kanpaina ere bete-betean da, ezta?
Oso garrantzitsua da guretako. Korrika Kulturala antolatu, materiala erosi eta dirua aurreratzeko ezinbestekoa da. Euskara eta euskal kultura barreiatzea da Korrikaren helburu bat, baina bestea ekonomikoa da: hain justu ere, AEKren bi urteko aurrekontua osatzea. Gura duenari Korrika laguntzaile izatea eskaintzen zaio. Txartel bat ematen zaio eta, horrekin, hainbat lekutan erosterakoan beherapenak egiten dira, txartela 12 euroren truke eskuratuta.

Krisiak izan du eraginik Korrikan?
Korrika laguntzailean ez du eragin handirik izango, 12 euro bi urtean behin Korrikari ematea ez da-eta horrenbesterako. Baina Korrika lagun ekimenean izan dezake eragina. Enpresa, denda eta tabernatara joaten gara laguntza eske, eta uste dugu hor igarriko dugula.

Osasuntsu dago Debagoieneko AEK?
Orain dela bost urtera arte Bergaran eta Arrasaten geneukan euskaltegi bana eta orain, bakarra daukagu Arrasaten. Bertatik kudeatzen dugu bailara osoko jarduna. 180 bat ikasle dabiltza. Erdia euskaltegira datoz eta beste erdia enpresetan dauzkagu. Euskaltegiak, oro har, indarra galtzen joan dira azkeneko urteotan. Orain dela 20 urte ia-ia 2.000 ikasle ziren euskaltegietan gure eskualdean. Baina, hezkuntza sistemak ikasleak euskaratu dituen neurrian, euskaltegiek ikasleak galdu dituzte, logikoa denez. AEKren helburuetako bat da egunen baten desagertzea.

Euskal Herri osoan zenbat euskaltegi eta ikasle dauzka AEK-k?
Euskal Herriko lurralde osoan dauzkagu euskaltegiak. Eta Nafarroan eta Iparraldean gora egin du matrikulazioak. 100 euskaltegi dauzkagu lurralde guztietan eta, guztira, 500 langile gara. Gehienok irakasleak gara. Ikasleak, ostera, 17.000 inguru.

Finantzazioaren arazoa konponduta daukazue Jaurlaritzarekin?
Azkeneko bi urteotan, Eusko Jaurlaritza aldatu zenetik, geldialdi moduko baten gaude. Aurreko Jaurlaritzan egin zen aurrerapen handia eta langile hitzarmen moduko bat sinatu genuen. Gure asmoa izan da Jaurlaritzarekin akordio marko bat edukitzea, ikastolek-eta eduki dezaketen moduan, ziurtatzeko finantziazioa eta ez egoteko diru-laguntzen mendean. Baina benetako arazoa Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo daukagu.

AEK-ko euskaltegietara euskara ikastera doan ikasleen profila aldatu egin da azkeneko urteotan?
Asko aldatu da. 29 urte daroatzat AEKn eta ia-ia nirekin batera aldatu da ikaslearen profila. Hasi nintzenean, nire adinekoak ziren gehienak eta orain ere bai. Beste euskaltegietan ere horrela da. 

Euskararen aurka publikoki agertu den Jon Juaristi Euskararen Aholku Batzordeko kide izateaz ze iritzi?
Halako batzordeetan beharrezkoa da pluraltasuna, iritzi aniztasuna, e.a. Ados. Baina ez da ulergarria euskararen aurka agertu eta horren iritzi ezkorrak ematen dituena Euskararen Aholku Batzordean egotea, polemika sortzeko ez bada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak