Aurkeztu dute Sortu Barne Ministerioan, eta orain zer?
Espainiako Gobernuak esan du ez duela erabakirik hartuko. Auzitegietan, Auzitegi Goreneko 61. salan erabakiko dute Sortu alderdia legezkoa den ala ez. Hauteskundeetarako tartea dute oraindik, erabakia hartzeko eta beharrezkoa bada epaia errekurritzeko.
Sortuko kideek esan dute oso zorrotzak izan direla estatutuekin legea errespetatzeko.
Bai. Ezustea izan da, urte askoan esan dutelako ez zutela Alderdien Legea onartzen eta inposaketa handia zela. Baina aldatzea erabaki dute: biolentzia errefusatu dute eta joko politikoan sartzea erabaki dute. Euren estatutuetan betetzen dute Alderdien Legeak eskatzen duena baino gehiago.
Ezker Abertzaleak bi puntu azpimarratu ditu: ez direla ezeren jarraipena eta indarkeria mota guztiak errefusatzen dituztela, ETArena barne.
Ikuspegi politikotik oso garbi daude Sortu alderdiaren asmoak; alegia, indarkeria mota guztiak errefusatzen dituzte, ETArena barne. Ikuspegi juridikotik alderdiaren estatutuak begiratzen dira, eta horiek aztertuko ditu auzitegiak. Nik esango nuke ikuspegi juridikotik Sortu alderdi legala dela.
Ez dute gaitzespen berba erabili, baina bai errefusatu. Nahikoa dela uste duzu?
Legeak oso garbi dio ezin zaiola terrorismoa edo biolentzia erabiltzen duen inongo talderi babesik eman. Legeak ez du eskatzen gaitzestea edo errefusatzea. Nik uste dut zerbait errefusatzen denean, argi eta garbi erakusten dela ez zaiola babesik ematen. Era berean, legeak ez du exijitzen iraganeko terrorismoa gaitzestu beharra.
Ezker abertzaleko pertsona ezagunek aurkeztu zuten alderdia. Eraginik izan dezake?
Ez luke eraginik izan behar. Auzitegiak baloratu behar duena ekintzak dira, eta ez pertsona horiek aurretik egin dutena. Aurpegi ezagun horiek estatutuetan jasotakoak betetzen dituzten baloratu beharko da.
Sortu legeztatzen badute, posible da zerrendak legeztatzea eta beste batzuk ez?
Bai, aukera badago. Auzitegi Gorenak legezkoa ez dela badio, ez dakit beste planik izango ote duten: zerrenda independenteak egitea, beste alderdi batzuetan sartzea... Zerrenda independenteen alde egiten badute, posible da herri batzuetan legeztatzea eta beste batzuetan ez. Lekuan lekuko zerrendak aztertuko dituzte. Adibidez, ANV legezkoa zen, eta zerrenda batzuk atzera bota zituzten.