Estatutuon arabera, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan jarduteko asmoa du Sortuk, eta honako ideiak defendatuko ditu: independentzia, erabateko euskalduntzea, sozialismoa, justizian eta askatasunean oinarritutako etorkizuna bakean, feminismoa, herrien arteko nazioarteko elkartasun antiinperialista eta demokrazia parte-hartzailea.
Maider Etxebarriarekin batera, beste hiru lagunek sinatu dituzte Sorturen estatutuak, tartean, Karmele Agirregabiria uberararrak (Bergara), Jose Javier Artola (EHUko irakaslea, Informatika fakultatean) eta Rakel Jausoro lagun dituztela.
Harik eta alderdi berriko Batzar Eratzailea egin arte (han berretsi edo eralda ditzakete estatutuak) aipatutako lau lagun horiek osatuko dute Sorturen Batzorde Iraunkorra.
Afiliatuak eta zerrendak
Behin alderdia erregistratuta, afiliatuak hartzeko bidea zabalduko du orain Sortuk; eta jakina, datozen udal hauteskundeei begira, zerrendak eratzen jardungo du.
Alderdiaren egitura “printzipio demokratikoetan” oinarritutakoa izango da eta organo edo erakunde nagusia Batzar Nazionala izango du; hala ere, “Herri Batzarrak izango dira Sorturen oinarrizko antolaketa”.
Indarkeria baztertuta
Alderdiaren legeztatzea aldarrikatu zuten estatutuen aurkezpenean, eta bezperan moduan, azpimarratu indarkeria mota guztiak baztertzen dituztela, “bereziki, ETA erakundearena”. Horren harira, aurreratutako moduan, Sorturen estatutuen arabera, edozein indarkeria adierazpena babesten edo bultzatzen duen edozein alderdikide bota egingo dute.