Seriean egindako munduko lehen auto elektrikoa, Eroskirendako

Leire Kortabarria 2011ko otsailaren 8a

Mercedes Benz automobil-etxeak Eroskiko presidente Agustin Markaideri eman zizkion atzo mundu osoan serie-fabrikazioan egindako lehen automobil elektrikoaren giltzak. Vito E-Cell modeloa da, 550 kiloko bateriarekin eta 80 km/h-ko abiaduran 130 kilometroko burujabetzarekin. Gasteizen izan zen ekitaldia, multinazional alemanaren 125. urteurrenaren ospakizunean. Gasteizen 56 urte daroate.

Agustin Markaidek bost Vito E-Cell furgonetaren giltzak jaso zituen. Eroskiko langileek hiri barruan banaketak egiteko erabiliko dituzte. 2012ra arte, Eroskik halako 25 izango ditu errentan hartuta.

Eroskiko presidenteak esan zuen giltzak jasotzea zela "helburu handi bat lortzeko ematen den pauso txiki bat"; hau da, hiri garbietan bizi izatea.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta babesa ere badauka ibilgailu berriak: 9 milioi kostatu da, eta Jaurlaritzak ia hiru ipini ditu. Jaurlaritzak aurreikusten du 2020an ibilgailu elektrikoak merkatuaren %10 izango direla.

Bateriak kargatzeko lekuak

Joan den eguenean, Euskal Energiaren Erakundearekin hitzarmena egin zuen Eroskik, eta konprometitu zen banaketa flotan ibilgailu elektrikoak ipintzera eta bere saltokietako aparkalekuetan bateriak kargatzeko instalazioak ipintzera. Horrez gain, ibilgailu mota hori zenbat eta zelan erabiltzen diren jarraitzera eta aztertzera konprometitu zen Eroski, eta EEEri hiru hilabetean behin ematera dauzkan datuak.

Oraingoz, Debagoienean ez du halako instalaziorik ipiniko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak