Toti Martinez de Lezea: "Nobela historikoen irakurleak zorrotzak dira oso"

Txomin Madina Milikua 2011ko otsailaren 10a

Gasteizen jaio eta Europan barrena ibili ostean, Larrabetzun bizi da euskal idazle irakurrienetakoa. Igerilari eta aktore ohia, umore fina du bidelagun.

1. Erdi Aroan jaio izan bazina, zer izango zinen?
Hamabi ume izango nituzke, arropa garbitzen egongo nintzateke errekan eta gazte hilko nintzateke. Zorte apur batekin, irakurtzen erakutsiko lidake aitak... Denboraren makina batekin garai hartara joango nintzateke, baina gero bueltatzeko!

2. Otalorea Araotzen kokatu zenuen... Bazenuen bertakoen zoro-haizearen berri?
Oñatin izango dute, ze nik ez nuen-eta horren berri. Oñatiko haran urrunena eta isolatuena izanda, baliteke orduan hain irekiak ez izatea. Nik, badaezpada, asmatu egin nuen baserria!

3. Nur, zure gaztetxoendako liburuetako protagonista, zure ilobarengan oinarrituta dago. Zer iruditzen zaio hari?
Normala iruditzen zaio, amona idazlea da-eta! Ez dakit ohartzen den, baina bere historia ari naiz idazten, nagusia denean oroitzeko. Liburuen arrakastak harritu egin nau, itzela izan da!

4. Helduak edo gaztetxoak, zeintzuk dira zorrotzagoak?
Helduak; eta nobela historikoen irakurleak zorrotzak dira oso, historia ezagutzen dute-eta.

5. Ikusten duzu zeure burua etorkizunean kokatutako zientzia fikziozko eleberri bat idazten?
Ez; gehiago gustatzen zait iragana etorkizuna baino.

6. Zein da euskal kondairen artean gehien gustatzen zaizuna?
Aukeratzekotan, artzainaz maitemintzen den laminarena. Baina asko daude; hain herrialde txikia izanda, kondaira eta pertsonaia kopuru aldetik munduko aberatsenetakoak gara. 

7. Zer du Larrabetzuk, Londresek edo Parisek ez dutena?
Lasaitasuna eta bakea: nire herrian dago, nire etxean, nire lurrean. Herri euskalduna da, gainera, tamainaz egokia, eta oso parte-hartzailea: ekimen eta talde mordoa dago.

8. Kukubiltxo taldearen sortzaileetako bat izan zinen... Faltan igartzen duzu kale-antzerkia?
Ez, mesedez! Oso nekagarria zen: guztia jarri, guztia kendu. Bere momentuan ondo egon zen, baina ez dut faltan igartzen.

9. Igerilaria ere izan zara.
Ama Espainiako txapeldun izan zen 45ean, eta ni ere bai, haur mailan, 100 metroko bular-igeriketan. Orain, Deriora joaten gara biok, eta aquagyma egiten dugu: igeri ez, baina han ibiltzen gara gora eta behera.

10. Zer egingo duzu elkarrizketa hau bukatzean?
Neurearekin jarraitu: erosketak; bazkaria prestatu; amarekin bermuta hartu; bazkaldu; siesta; eta 16:00etatik gauerdira idatzi. Nafarroaren konkistaren jatorriari buruzkoa izango da hurrengoa.

---------------------------------------------------------------------

Lehendakaria banintz...: "Oso zaila da hori, politika gorroto dut-eta. Baina gizarte osoak nire etxe aurrean lehendakari izatea eskatuko balit... [Barre] Politikarien estatus pribilegiatua bukatuko nuke maila sozial, ekonomiko eta juridikoan. Lotsagarria da gure administratzaile izateko aukeratu ditugunek legeak euren gustua egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak