Minbiziaren aurkako nazioarteko eguna ospatzeak zertarako balio dezake?
Era honetako egunen helburua gizarteari arazo baten gainean kontzientzia sorrararaztea da. Aipatu behar da minbizia dela heriotza gehien eragiten dituen gaixotasuna gizonezkoen artean, eta bigarren mailan legoke emakumezkoen kasuan. Hori guztia kontuan izanda, kontzientziazioa garrantzitsua da oso. Hori dela eta, Euskal Autonomi Erkidegoan Osasun sailak minbiziaren inguruan hainbat ekintza puntu dauzka. Horien artean punturik garrantzitsuenak prebentzioa eta promozioa dira. Minbizia eragiten duten arrazoi nagusien artean, argi dago kanpoko arrazoiek zeresan garrantzitsua daukatela, eta hori saihesteko lan handia egin beharra daukagu.
Eta nola egin daiteke lan minbiziaren aurka?
Esan bezala, minbiziari aurre egiteko modu eraginkorrena promozioa eta prebentzioa da. Guri promozio mailan lan egitea tokatzen zaigu. Hala nola, bizitzeko modu osasungarriak bultzatzea, eta horrekin zuzenean lotuta dago elikadura, tabakoa, bizitza osasungarria... Gainerako patologietan bezala, puntu hauek zerikusi handia daukate gaixotasunarekin. Horretaz gain, antzemate goiztiarrean ere lan egin behar da, eta horretarako hainbat erakundek kanpainak egiten dituzte EAEn.
Antzemate goiztiar horiek nola egiten dira?
Osasuntsu dagoen biztanleriaren zatiari hainbat froga egiteko gomendioa luzatzen zaie, eta analitikak egitea proposatu. Bahe honetatik igarotzen direnetatik batzuetan, tumore jaioberri bat topa daiteke, eta horrek erraztu egiten du sendatze prozesua. Hori litzateke gaixotasuna prebenitzeko era on bat.
Gure bailaran halakorik ba al dago?
Bai, Debagoiena izan da azkena era honetako antzemate goiztiarretan parte hartzen. 2009. urtean hasi ginen Oñati eta inguruko herrietan era honetako kanpainak bultzatzen, eta etorkizuneko helburua litzateke bailara osora ere zabaltzea.
Eta hori ezinbestekoa izango da, ala?
Bai, minbizia garatuta dagoenean antzematen baldin bada, batzuetan beranduegi ere izan daiteke. Askotan tratamendua zailagoa eta agresiboagoa ere izan daiteke.
Eta jendearen aldetik zer nolako erantzuna jasotzen dute era honetako kanpainek?
Ona. Bularreko minbizia aurretik antzemateko garaian, emakumeen %80-90 ingurua etortzen dira analisiak egitera. Heste lodiarenak egitera ere jende ugari etortzen da. Azken hau gainera askoz ere errazagoa da egiteko, odolaren analisi bat besterik ez baita. Positiboa ateraz gero, kolonos kopia egiten zaio.
Aurtengo minbiziaren aurkako nazioarteko egunerako aurkeztu duten kanpainan, minbizia gaixotasun bat gehiago dela kontzientziatu nahi dute gizartea. Egokia iruditzen zaizu?
Gizartea kontzientziatzeko balio baldin badu ongi dago. Gainera garrantzitsua da erakustea minbizia aurrez antzeman daitekeela. Norbanakoak ekidin dezake gaixotasun hau hilkorra izatea. Esaterako, tabakoaren aurkako kanpainek hein horretan zerikusi zuzena daukate.
Ez al zaizu iruditzen batzuetan minbizia estigma bezala tratatzen dela?
Ez, minbizian ez. Nik uste errespetu handia eduki dakiokeela, baina estigma ez. Estigmatikoagoak diren gaixotasunak badaudela iruditzen zait. Egia da minbizia gaixotasun larria izan daitekeela, baina aurrez antzematea da garrantzitsua. Gure aldetik, antzemateari bakarrik ez diogu ematen garrantzia, minbiziak hor egoten jarraituko baitu, eta sendatzeko aukerak ere egongo dira.
Ez zaizu iruditzen askotan zentzu negatiboa ematen zaiola? Esaterako RAEk minbizia defintzerakoan konnotazio oso negatiboa ematen dio...
Minbizia, hasteko eta behin, ez da gauza xamurra. Zerbait negatiboa bezala ikusten da, eta orduan normala iruditzen zait bizitzako gainerako aspektuetan gauza txarren sinonimo bezala erabiltzea.