Pirritx eta Porrotxen Ongi etorri, Pupu eta Lore diskoan ahotsa jarri diozu Largabista pertsonaiari. Nolatan?
Bizardunak taldeak grabatu zuen Largabista protagonista duen abestia. Euren laguna naiz, eta koroak grabatzera joateko eskaini zidaten, baina berandu iritsi nintzen grabaziora, kantua grabatuta zegoela. Orduan Porrotxek esan zidan abestiaren aurretik Largabista pertsonaiak agertu behar zuela hitz egiten. Nire ahotsa gustatu egin zitzaion, eta hala izan zen guztia.
Eta Largabista moduan, zu ere naturazalea zara?
Bai, noski! Gu natura gara; beraz, horrekin dena esanda dago. Ez gara naturaren jabe, alderantziz baizik, natura da gure jabe. Pentsatzen dugu dena gure neurrira eginda dagoela, baina ez gara ohartzen gu hemen egoteko kasualitate asko egon direla. Lurra hemendik milaka kilometrora balego, ez litzateke egongo ezagutzen dugun bizitza...
Eta zu Largabista beharrean beste zerbait izango zinateke.
Bai, Kortabista agian. Bestela, Lenin edo Hitler...
Bizardunak taldekoak aipatu dituzula, euren kontzertuetan sanferminzale jantzita agertu izan zara...
Euren kontzertu askotara joaten naiz, eta esan zidaten zerbait egiteko, behintzat. Hala, emanaldien aurretik taldea aurkeztu izan dut kontzertu berezietan. Iruñean, Bergaran, Bilbon...
Aurkezteaz gain, dantzara ere irteten zara taulara.
Bai; baina hori, eskatuko ez balidate ere, berdin-berdin egingo nuke!
Sanferminzalea ere bazara orduan?
Bai, baina niri eguneko giroa gustatzen zait. Gauez oso ondo dago, ondo pasatzen baitugu, baina egun-pasa joateko ere aproposa iruditzen zait. Azken finean, jaien alde ludikoa aprobetxatzeko ere joaten gara, ez edatera bakarrik.
Elvis Caino izenpean ere aritzen zara DJ lanetan...
Noizean behin ibiltzen naiz han eta hemen musika jartzen. Esaterako, Inauterietan Iker Ugalderekin batera arituko naiz Bergarako gaztetxean. DJen arteko borroka antzeko bat egingo dugu.
Eta zer musika mota jartzen duzu?
Nire estiloari rock-and-soul deitzea gustatzen zait. Estilo horiek lantzen ditut, baita funka, doo-woopa, rockabillya, popa, hard rocka...
Askotan esaten da DJak musikari frustratuak direla. Zu ere hala zara?
Ez, frustratua ez. Izatekotan, musikari nagia naiz ni. Baina DJen lana garrantzitsua da, musikariek euren musika ezagutarazteko norbait behar izaten baitute, eta horixe naiz ni. DJ barik, musika ez litzateke horren erraz ezagutuko.
Eta Elvis Caino zer da, Bilbon bizi den bergararra, Bergarako bilbotarra...
Bilbon bizi den bergararra, noski. Niri Bilbo beti gustatu izan zait, jende oso jatorra dago bertan. Harroak dira, baina ez txuloak direlako, euren burua asko maite dutelako baizik. Esaterako, nire ustez, Atlhetic munduko talderik onena da.
Horregatik joan zinen Bilbora?
Atlheticekoa naizelako beti gustatu izan zait Bilbo. 1983an, 11 urterekin, lehen aldiz San Mamesera joan nintzenean sekulakoa izan zen. Bartzelonaren aurka. Hango giroa apartekoa zen!
Eta gaur egun?
Orain San Mamesera joateak lehengo distira hori galdu egin duela esan dezaket.
Senar-emazteen arteko harremanetan moduan?
Bai, apur bat bai. Asko maite zaitut eta kariño handiena zuretzako da, baina hasiera hartako distira galdu egin du dagoeneko.