Bien bitartean, Oñatiko ur-zikinak depuradora eramateko hodiak sartzen segitzen dute, halako gehiago ekarri dituzte esaterako, Ekilore kanpoko aldera, hain justu, “100 gehiago, Santandertik”. Bestalde, depuradoraren atzetik pasatzen den bidegorria eraiki dute dagoeneko: “Aglomeratua eta baranda bakarrik falta zaizkio, baina ez dugu zabalduko obra guztiak bukatu arte”, adierazi dute obra arduradunek.
San Prudentzio-Epele bidegorria, Diputazioarena
Edozelan ere, laster izango da hori, martxoan lan guztiak bukatuta izan behar dituztelako. “Falta da Oñatiko uren hodia sartzea tuneletik Epelera arteko zatia eta San Prudentzioko zatitxo bat. Hodiak sartu eta gertu utziko dugu guztia gainean bidegorria eraikitzeko. Baina hori Diputazioari dagokio”, jakinarazi dute.