Hiru puntuak, Irunera
Partiduaren lehen zatian irundarrei bere zelaian itxarotea zen Mondraren asmoa, eta bigarren zatiko azken txanpan golaren bila joatea.
Real Unionen bi golek zapuztu egin zituzten asmoak: lehen gola 40. minutuan izan zen eta bigarrena, atsedenalditik itzuli eta hamar minutura. Azken minutuetan arrasatearrek erreakzionatu egin zuten eta, lehia bukatzeko bost-hamar minuturen faltan, Garik etxekoendako gola sartu zuen. Ordurako beranduegi zen eta hiru puntuak Irunera joan ziren. Iban Rodriguez Mondraren entrenatzailearen hitzetan, ondo ikusi zituen jokalariak, baina akatsek "pikutara" bota zituzten egindako ahaleginak.

Azkoagainen, berdinketa
Oñatiarrek azken jardunaldietako bide onari jarraitu diote jendez bete den Azkoagainen, eta puntu bat lortu dute.
Hamargarren minutuan Anaitasunak egin du lehen gola, baina gero oñatiarrek aurrea hartzea lortu dute: Josu Juaristik hogeitamargarren minutuan gola egin du, eta bigarren zatia hasi eta hamar minutura, Idigorasek. Azkenean azkoitiarrek euren bigarren gola sartu dute, eta berdinketarekin bukatu da partidua. Aitor Orueta oñatiarren entrenatzailea pozik zegoen; bere esanetan, taldeak erakutsi duelako "partiduen bila joaten" direla.
