Bailaran badaude kasu bitxiak: Oñatik dauka Hego Euskal Herriko eta Espainiako 10.000 biztanletik gorako herrien artean langabezia tasa txikienetariko bat; Eskoriatzak, bestalde, hobera egin du langabeziari dagokionez. Baina, era berean, lehen arrakasta zuten jarduera ereduek ez dute lortu bere onera etortzea.
Albiste onekin hasiko gara. Hala, 2010. urtea aurrekoa baino hobea izan zen enplegu aldetik. Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuen arabera, 2010. urtean langabezia nabarmen murriztu zen Debagoienean, 2008 eta 2009 latz batzuen ondoren. Hala, 3.500 langabetik 3.000 ingurura jaistera lortu zuen Debagoienak, eta Gipuzkoarekiko betidanik izan duen aldea berreskuratzea lortu zuen.
Oñatik dauka bailarako langabezia maila txikiena (Leintz Gatzagaren kasu berezia kontuan izan gabe), eta baita Hego Euskal Herriko eta Espainiako langabezia tasa txikienetariko bat ere. Bere kasuak hedabide handi batzuen atentzioa merezi izan du, eta Television Españolako Informe Semanal saioan eta, berriki, Tiempo de Hoy aldizkarian erreportajeak egin dituzte Oñatiren inguruan. Herri-miraria deitu izan diote, eta gogora ekarri dituzte bere langabezia datuak: 10.700 biztanle ingurutik bakarrik 365 zeuden langabezian joan den abenduan; populazio osoaren %3,3, edo, bestela esanda, populazio aktiboaren edo aktiboa izan daitekeenaren %6,75; bailarako batez bestekoa %9,44 izan zen.
Autoenplegua bultzatu
Lourdes Idoiaga alkateak gogoratzen du 2008ko martxoan 440 langabe zeudela Oñatin (%8,14). Orduan, Udalak Enplegu Plan bat egin zuen, eta neurrietako bat zen Udalaren kontratazio zuzena: hala, herri-altzariak garbitzeko lanak egiteko 45 lagun enplegatu zituen, langabeen %10. Enplegua sortzeko eta bultzatzeko beste neurri batzuk hartu ditu Udalak: "Neurri garrantzitsuena Formazio Plana da. Autoenplegua asko lantzen dugu: langabeen profilari dagokion formazioa ematen diegu, ea lan-merkatuen euren nitxoa topatzen duten", azaltzen du Lourdes Idoiaga alkateak.
Aurrera begira, herrian sektore ez hain landuak indartu gura ditu Udalak: "Ikerketa bat egin genuen eta, horren arabera, lehenengo sektorean aukerak badaude: nekazaritza ekologikoan, frutaren arloan… Eta dagoeneko ekintzaile pare bat badaude, bat abeltzaintzan eta bestea nekazaritzan".
Oñatiko enpresak eta kooperatibak beste faktore bat dira. Idoiagak azpimarratzen duenez, "industria enpleguen %60 kooperatibetan daude", eta horietan langileak birkokatzea, aurre-erretiratzeak bultzatzea… erabiltzen dira kaleratzeen partez. Bestetik, herriko enpresen portaera ere nabarmentzen du: "Garay eta Natra Zahor bikain kudeatuta daude eta internazionalizatuta eta berrikuntzan sartuta daude, eta era berean, ez dute deslokalizazioa bilatu".
Hezkuntzatik, Zuazola-Larraña Institutuko zuzendari Kepa Altubek hau dio: "Gure Lanbide Heziketa ikasleetatik praktikak egiten dituztenen %20 enpresan lanean geratzen dira, eta beste %80ek ikasten jarraitzen dute. Gure helburua bada ikasleok lanera bideratzea, baina baita espezializatu daitezen eta maila har dezaten".
Oro har, kualifikazio handi hori igarri egin da: "Oñatin, orain arte, langabezia teknikoa izan da; jendeak izan ditu beste aukera batzuk. Gero, beherakada ez da hainbeste izan langile kopuruan, baizik eta produkzioan". Eta gaineratzen du: "Nik esango nuke Oñatira krisia beranduago ailegatu dela, eta enpresek denbora handiagoa izan dutela prestatzeko".
"Ez da bere onera etorri"
Eta albiste txarrak hauek dira: krisian jarraitzen dugula. Hijos de Juan de Garay enpresako Jose Creixell-ek hauxe dio: "Egoera oso delikatua da oraindik. Hemen kooperatibismoaren enplegua oso garrantzitsua da, eta goiari eutsi diote aparteko ordainsariak kenduta eta bestelako zuzenketa-neurri oso gogorrekin. Baina horietan ere, Euskaditik kanpo, estruktura zati handi bat kendu egin dute, eta sozietate anonimook ere bai. Horregatik, beharbada, langabezia tasa hemen konparatiboki txikiagoa da, baina ez egoera primerakoa delako".
Egoera orokorraz, hauxe dio: "Egia da, bai, aktibitate handiagoa dagoela. Automobilgintzan, lana sartu da. Eraikuntzak oso ondo ordainduta egoten jarraitzen du, baina saltzea oso zaila da, eta prezioak hondoratuz lortzen da hori. 2009arekin alderatuta zertxobait hobera egin dugu, baina ekonomia ez da bere onera etorri".
Alkateak berak ere onartzen du Oñatiren datuak ez duela "triunfalismorik" sortu behar: "365 langabe daude, eta beste horrenbeste familia langabezia sufritzen dutenak".
"Zenbaki hotzak dira"
Eskoriatza izan da iaz portaera onena izan zuen Gipuzkoako herria. 2010 hasi zuen %11ko langabezia tasarekin, eta goia jo zuen martxoan (%11,16); hortik aurrera, ia etengabe hobera egin du, eta urtea hasi du %9,86ko tasarekin (205 langabe). Debagoienean langabeziak gogorren jotako herriarendako albiste onak, eta Pedro Lasagabaster alkateak osoko bilkura baten ere azpimarratutakoa. Baina "kontuz! Zenbaki hotzak dira eta, batzuen egoera hobetu egin den arren, badakigu oraindik jende asko oso larri dagoela. Beraz, ondo dago, zenbakiak hobeak dira, baina ezin dugu esan primerako emaitzak direla". Udalarendako "neurgailu onena" da zenbat jende joaten den Gizarte Zerbitzuetara laguntza eske.
Dena dela, beste irakurketa bat egiten du Lasagabasterrek: "Sakoneko arazoa ez da konpondu, eta garapen iraunkorra ez da lortuko oraingo bidetik. Oraingo krisia konponduko da, baina lehengora bueltatzen bagara, beste burbuila bat sortuko da, beste krisialdi bat etorriko da… Dena berriz planteatu beharra dago". Eta gaineratzen du: "Hazkundea ez da iraunkorra, lurra mugatua delako. Etorkizunean, ekonomia-aktibitate guztiek ingurumen ikuspegia izan beharko dute arrakasta izateko. Modu batera edo bestera, guztia birplanteatu behar diogu gure buruari".