Sailburuak emandako datuen arabera 88.500 lan istripu izan ziren iaz erkidegoan, 2009an baino %7 gutxiago; hildakoak 58 izan ziren, aurreko urtean baino % 9 gutxiago. Dena dela, istripurik gabeko egoerara iristeko prebentzioan lanean jarraitu beharra nabarmendu du Zabaletak, prebentzioaren garrantzia behar beste errotuta ez omen dagoelako oraindik. Jaurlaritzaren apustua enpleguari eustea eta berria sortzea baino haratago doala adierazi du. Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa behar dela, baina baita osasuna zainduko duena eta segurua ere. Sailburuak eredu bezala jarri du Mondragon taldea.
Arauak betetzeari dagokionez, dena den, sailburuak adierazi du Jaurlaritzak lan ikuskaritzaren eskumena bere egingo duela laster, eta tresna garrantzitsua izango dela hori.
Laneko osasunaren arloan diharduen Mondragon taldeko Osarten kooperatiba elkarteko presidente Mikel Zabalak, berriz, esan du, euren istripu kopuruak beste batzuenak baino hobeak direla, baina horrek ez dituela lasaiarazten, zenbait arlotan hobetu beharreko asko omen dagoelako.
Istripu larri gutxi dituztela adierazi du, baina arinak asko, eta arin horiek larri bezala tratatu behar direla, gaur arina dena bihar larria izan daitekeelako.
Gaurko jardunaldiko hizlariek nabarmendu dute prebentzioaren alorrean administrazioak, enpresariek, sindikatuek, lan arloko eragile desberdinek elkarlanean jarduteak duen garrantzia. Osalaneko zuzendari nagusi Pilar Collantesek adierazi du 2011-2014 eperako plan estrategikoa ez dela Osalanen plana bakarrik izango, baizik eta Jaurlaritzarena, eta lehendakariak berak izan behar duela aurreneko defendatzailea. 12 estrategia ildo izango ditu plan berriak, eta sentsibilizazioaren izango da aurrenekoa.
Prebentzioa ondare sozial bihurtu behar dugula, eta kalitaterako eta lehiakortasunerako faktore positiboa dela gaineratu du Osalaneko buruak.