Azken jardunaldian Tolosaren aurka 1-0 galdu ostean eten zen Bergararen bolada ona. Zortzi norgehiagoka egin zituzten jarraian mahoneroek partidurik galdu gabe. Bada, honakoa uste du Oskar Maiztegi entrenatzaileak: "Derbia oso aukera ona da lehengo bidera bueltatu eta bolada onari berriro ekiteko". Derbia jokatuko dute bihar, beraz, Bergara (32) eta UDAk (33), Agorrosinen. Elkar ondo ezagutzen duten jokalariak dira, eta Agorrosin oso zelai beroa ez bada ere, harmailetako giroa bermatuta dago. Izan ere, Aretxabaletako zale asko espero dira.
Bergara: aukerak aprobetxatu behar
"Etxean jokatzen dugu eta gogor irtengo gara, partidua irabaztera. Derbia motibazio estra bat da jokalariendako baina, aldi berean, urduritasuna nagusitu ohi da eta joko gutxi egoten da halako partiduetan. Aukera gutxi egongo dira eta horiek aprobetxatu behar ditugu", adierazi du Maiztegik. Bestalde, aurkariaren gainean galdetuta honakoa adierazi du mahoneroen entrenatzaileak: "Denboraldi hasieran hobeto arituko zirela uste zuten eta ez zen hala izan, baina egoera zail horri buelta eman diote dagoeneko".
Azkenik, pronostikoa eskatu diogu Maiztegiri, baina ez du emaitza zehatzik eman gura izan: "Gurea ondo egiten badugu irabazi egingo dugu".
UDA ere hiru puntuen bila
Lehen derbia izango da Aretxabaletako aulkira heldu berri den Juanan Cruzendako. Lehen taldearen aulkian aurreko jardunaldian eseri zen lehenengoz, baina beheko mailetan urte askotan egondakoa da. Beraz, ondo baino hobeto daki nolakoak izaten diren gure ibarreko derbiak: "Intentsitate handiko partidua izango da; zaila, baina polita aldi berean".
Taldea "une onean" datorrela uste du Cruzek: "Oso ondo ari gara entrenatzen, intentsitate handiarekin. Pozik nago jokalariek lanerako erakutsi duten jarrerarekin, eta derbiari aurre egiteko une onean gaude, fisikoki zein psikologikoki". Bergarakoa "talde gaztea eta lehiakorra" dela uste du Cruzek: "Ez diet partidu larregi ikusi baina azken boladan oso ondo daudela erakutsi dute; kontuan hartu beharreko taldea da". Cruzek ere ez du pronostikorik egin: "Ondo jokatu eta itxura ona ematen badugu, hiru puntuak Aretxabaletara ekarriko ditugu".