Uarkapen hasiko dute denboraldia Arrasate Dragoi eta Ariznoa gimnasia taldeek, zapatuan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko otsailaren 3a

Irailetik hona lana "ondo" egin ostean, etxean hasiko da lehiatzen Arrasate Dragoi taldea, zapatuan. Bergarako Ariznoa elkarteak ere etzi hasiko du denboraldia. Gipuzkoako Eskolarteko A mailako saioak izango dira eta Gipuzkoako gimnasta onenak etorriko dira Uarkape pilotalekura. Izan ere, A mailan EAEko gimnasta onenak lehiatzen dira; B mailako saioak ere egongo dira.

"Zapatuko saioa lehen fasea izango da eta gu nola gauden ikusteko baina batez ere aurkariak nola dauden neurtzeko balio izango du. Gure lana ondo egiten badugu pozik egongo gara, emaitza edozein dela". Edurne Elkoro Arrasate Dragoi gimnasia taldeko arduraduna itxaropentsu dago bihar hasiko duten denboraldi berriaren aurrean: "Irailean hasi ginen entrenamenduekin eta ordutik hona lana ondo egin dugu, denboraz ondo ibili gara".
Bihar hasiko da Uarkapen Gipuzkoako Eskolarteko A mailako 2010-2011 denboraldia –B mailako saioak ere izango dira–. A mailan EAEko gimnasta onenak lehiatzen dira, Elkorok jakinarazi duenez.  Egun osoan zehar izango dira saioak: 10:00etatik 13:00etara alebinak eta infantilak bakarka zein taldeka hartuko dute parte. Kadeteak ere goizean lehiatuko dira baina bakarka, A eta B mailetan. 16:45etik 20:30era, berriz, kadeteak, gazteak eta seniorrak taldeka egingo dituzte saioak, A eta B mailetan. Azkenik, seniorrak bakarka ikusteko aukera egongo da, A zein B mailetan.

Arrasatetik 11 gimnasta
Honakoa izango da Arrasateko ordezkaritza, Arrasate Dragoi gimnasia taldearen eskutik: infantiletan, A mailan, Maialen Gallardo, Eider Altube, Ane Fernandez, Miren Amozarrain eta Maite Oliden  lehiatuko dira, uztai banarekin. Kadeteak, berriz, B mailan lehiatuko dira, gimnasta bakoitza bi mazorekin: Ainhoa Delgado, Olatz  Fernandez, Paula San Migel  eta Ane Murillo. Gazteen mailan bakarka lehiatuko dira Aintzane Rodrigez eta Nerea Otxoa, uztai banarekin.
Lehen proba izango da Arrasateko neskendako, eta euren maila non dagoen ikusteko aukera izango dute. Baina baita, Elkororen arabera, aurten aurkariek zein maila izango duten ikusteko ere: "Urtez urte gimnasta berriak izaten dira eta ez da erraza izaten denboraldiko helburuak zehaztea; biharkoa da lehen proba".

Bergaratik, berriz, zazpi
Debagoieneko ordezkaritza Bergarako Ariznoa elkarteak osatuko du. Bergarak ere badu-eta gimnasia erritmikoko harrobia. Bergararrek, alebin, infantil, kadete eta gazte mailan lehiatzeaz gain, senior mailan ere izango dute ordezkaritza. Maila horietan guztietan taldeka lehiatuko dira. Bakarka, ordea, honako hauek izango dira gimnastak: Mariana Nunes alebinetan; Sonia Gonzalez eta Jone Olaberria infantiletan; Maider Cabo, Ane Miren Muguruza eta Jenifer Pineda kadeteetan; eta Kristina Etxebarria gazte mailan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak