Eredu sozio-ekonomikoak berriro definitzeko krisia aukera paregabea dela esan izan duzue. Hala da?
Uste dut baietz. Aukera eta beharra daukagu. Gainera, kontua ez da krisitik noiz aterako garen, zelan aterako garen baizik. Beste balio batzuen garapena behar dugu krisitik ateratzeko. Krisia sortu zuten balio berei eusten badiegu, ez gara krisitik aterako behar den moduan. Jendarte berria eraiki behar dugu.
Zelan doa Gipuzkoa Aurrera?
Gure lurraldearen lehiakortasunari eusteko neurriak hartu genituen eta emaitzak onak izan dira. Enpresen beharrei erantzun eta krisitik berrindartuta ateratzeko balio izan du. Gipuzkoako eragileekin elkarlanean gabiltza hori lortzeko.
Zein da egoera une honetan?
Gure Barne Produktu Gordinaren herena, %33 baino gehiago, industria da. Inportantea da industria indartsua edukitzea, horren inguruan sortzen da-eta benetako zerbitzu-ekonomia. Gure enpresak lehiakorrak dira mundu globalean eta langabezia tasa txikia dugu, %7,8. Egia da horrek azalpena eskatzen duela, ze orain dela urte bi geneukanaren bikoitza baita. Gainera, 30.000 lagun langabezian edukitzea larria da. Eta bizi gara leku baten non ikerketa, garapen eta berrikuntza arloetan asko inbertitzen den. Barne Produktu Gordinaren %2,4. Herri aurreratuenen mailan. Hortaz, ekonomia osasuntsua daukagu.
Eta aurrera begira?
Beharrezkoa da neurri berriak hartzea. Parte-hartzearen kultura bultzatu behar dugu. Langileak proiektuetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu: kudeaketan, emaitzetan, jabetzan…
Enpresen erabakitze organoetan eta jabetzan parte hartzea sustatzen duten enpresei pizgarri fiskalak ezartzea proposatu duzue?
Bai, benetako pizgarri fiskalak abian jarri nahi ditugu. Enpresaburuek erretiroa hartzen dutenean, gerta daiteke enpresa ixtea edo kanpoko norbaiti saltzea. Uste dugu kanpoko enpresa bati saldu baino lehen, bertako langileei saltzea dela onena. Hortaz, pizgarriak jarriko dizkiegu enpresa langileei saltzen dietenei. Pizgarri fiskalak saltzaileei eta erosleei.
Enpresetan parte hartzea bultzatzeko Ameriketako Estatu Batuetako eredua aztertu duzue, ezta? Zergatik?
Interes berezia dugu hango enpresetan langileek parte hartzeko darabilten prozesuekiko. Estatu Batuetan daude ia 11.000 enpresa non langileek parte hartze zuzena duten enpresaren erabakietan, kudeaketan, irabazietan… ESOP izena dauka eredu estatubatuarrak. Legez arautua dago eta ia 40 urte daramate horrekin. Denborarekin ikusi da langileen parte-hartze zuzeneko enpresek askoz emaitza hobeak lortzen dituztela: salmentan, enplegua sustatzerakoan, errentagarritasunean… Soldata handiagoak dituzte; erretiroa hartzen dutenean, pentsio handiagoak dituzte; krisia hobeto gainditzen dihardute…
Bertako enpresek nazioartean duten presentzia handitu egin behar dutela esan izan duzue. Zergatik?
Merkatua mundua da. Argi ikusten da munduan aspalditik ondo kokatuta dauden enpresak hobeak eta arrakastatsuagoak direla. Hobeto kudeatzen dute krisia eta lehiakorragoak dira. Mundu globalak eskaintzen dituen aukerak ezagutu behar dituzte enpresek.
Zer egiten du Foru Aldundiak enpresa horiei laguntzeko?
Produkzioa Europako Batasunetik kanpo, Brasilera edo Txinara esate baterako, eroan nahi duten enpresei dirulaguntzak ematen dizkiegu inbertsioaren zati bati aurre egiteko.
Martitzenean aurkeztu zenituzten krisiari aurre egiteko Foru Aldundiak sustatu duen planean berrikuntzari dagozkion neurriak. Zeintzuk dira plan horren ardatz nagusiak?
100 bat milioi euro dira, lau ataletan banatuta. Gaur aurkeztu ditugu bi atal: batetik, enpresa munduari dirulaguntzak emateko; eta, bestetik, zientzia, teknologia eta berrikuntzako azpiegituretarako. Lehen ardatzean 28 milioi euro dira, bi urterako. Eta bigarrenean, beste 18 milioi.
Zertan laguntzen diezue hemengo enpresei?
Produktuari, fabrikazioari eta kudeaketari aplikatutako berrikuntza prozesuetan. Oinarri teknologikoa duten enpresa berriei ekipamendu eta makinak erosteko dirulaguntza bereziak banatzen dizkiegu eta talentua edo gazte jende ekintzailea kontratatzeko ere bai.
Zelan erantzun dute enpresek?
Iaz, esaterako, krisi larri sasoian eta altxortegi arazoekin zeudela, aurrera begirako apustuak egin zituzten enpresek eta hori txalotzekoa da. 200 gazte kontratu ziren Diputazioaren programei esker eta aurten beste bultzada bat emango diogu planari. Arrakasta izango dugu eskaeretan, ze Gipuzkoako enpresak apustu egiten dabiltza berrikuntzaren alde. Argia da Gipuzkoako enpresek teknologiaren alde egiten duten apustua.
Merkel Alemaniako kantzilerra Madrilen izan da eskulan kualifikatuaren bila. Zelan ikusten duzu euskal gazteek atzerrira joan behar izatea?
Gure gazteendako egokia dela iruditzen zait. Ona da babak eltzetik ateratzeko beste esperientzia batzuk ezagutzea, kanpoan heztea, formatzea… Jakina, niri gustatuko litzateke, kanpoan urte batzuk ikasten eman ostean, berriro Euskal Herrira itzultzea. Baina itzuliko dira edo ez, hemen eskaintzen diegunaren arabera. Gakoa hemen dago. Izan behar dugu erakargarri langileendako.