Kutxak dio "krisialdia bakarrik igarotzea lortu" duela

Leire Kortabarria 2011ko otsailaren 3a

Kutxaren lehendakari Xabier Iturbek Kutxa finkatuta dagoen erkidegoetatik etorritako 400 bat zuzendariren aurrean aurkeztu zuen atzo arratsaldean 2011rako kudeaketa plana. Iturbek gogoeta bat egin zuen: sinplifikazioa, eraginkortasuna, saneatzea, zuhurtzia, arriskuaren kontrola eta emaitza errepikariak ziurtatuz, "krisialdia bakarrik igarotzea lortu" dutela esan zuen. Hala ere, esan zuen ikusi egin beharko dela "ea aurten baldintzak ematen diren" euskal kutxen arteko bategite baterako.

Bi motatako mezuak eman zituen Iturbek atzo. Batetik, Kutxa "bakarrik" dagoela errepikatu zuen –"Ez gaude inoren mendean; geuk erabakiko dugu", esan zuen–; baina, era berean, hauxe esan zuen: "Gu apustu bat egiteko gertu gaude".

utxak urte honetarako duen helburua "kaudimen, likidezia eta irabazietan kutxa hobe bat lortzea" da. Xabier Iturbek azpimarratu zuen nortasun ezaugarri horiei eutsi beharra.

Kudeaketa-Planaren xehetasunei buruz erakundearen Zuzendari Nagusiak aritu ziren, Carlos Tamayo eta Fernando Martínez-Jorcano jaunak. Lehenak erresistentzia probak azpimarratu zituen, finantza erakundeek igaro behar izaten dituzten stress-testak alegia, eta nabarmendu egin zuen iazko uztailean horietan Kutxak lortutako emaitza, simulazioan parte hartu zuten beste kutxa eta bankuek lortutakoekin azterketa konparatiboa eginez. Konklusio gisa, Tamayok adierazi zuen "errentagarritasunak eta likideziak sendotasuna" emango ziela Kutxari.

Ekitaldi zaila izango da

Martínez-Jorcanok, bere aldetik, aurreratu zuen 2011koa aurreko ekitaldiak bezain zail datorrela, eta larriagotu egingo direla zailtasunetako batzuk. Ondoren, BAI Planaren ildoetan lana gogotik egiten segitzea eskatu du, irabazi errepikaria eta egiturazko likidezia izanik horretan helburu behinenak.

AFIren (Analistas Financieros Internacionales) presidente Emilio Ontiverosek Kudeaketa Planaren aurkezpen ekitaldia ireki zuen, Paisaje después de la batalla. La industria del sector servicios financieros tras la crisis hitzaldiarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak