Opilak gora, ur tanta bedeinkatuak hartzeko

Ubane Madera 2011ko otsailaren 3a

Gaur (otsailaren 3a) dugu San Blas eguna, eta ibarreko puntu askotan egin dituzte hitzorduak opil gozo zuriak bedeinkatzeko. Goiztiarrena Arrasaten da, 08:30ean da-eta opilok bedeinkatzeko hitzordua, Berantiarrena, berriz, Antzuolan izango da, zapatuan izango da-eta San Blas bedeinkapena.

Edozelan ere, gaur goiz partean dira hitzordu gehienak: Aretxabaletan, adibidez, 09:00etan bedeinkatuko dituzte opilok, konbentuan eta 10:30ean elkartuko dira Apotzaga auzoko Salluente ermitan, 11:00ak inguruan opilak bedeinkatzeko.

Bergara, Eskoriatza eta Elgeta

Bergaran, berriz, Murinondo auzoko jaiak direla-eta, han ere egin dute opilak bedeinkatzeko hitzordua: 11:00etan, ermitan.

Eskoriatzan arratsalde partean izango dira bedeinkapenak: 18:00etan zaharren egoitzan eta 19:00etan, parrokian.

Bestalde, Elgeta aldean ere badute tradizio handia San Blas opilak egin eta bedeinkatzeko. Bada, han iluntzean dute mezetarako deia.

Antzuolan, ogia

Eta Antzuola izango da San Blas opilak bedeinkatzen azkena, zapatuan egingo dute-eta meza, San Blas ermitan, 12:00etan. Gainera,Antzuolan  ez dituzte San Blasetako ohiko opil zuriak bedeinkatzen, baizik eta ogi erroskilak eramaten dituzte, koskadunak zapi batean batuta, bedeinkatzeko.

Eztarria sano mantentzeko

Eta jakina, orokorrean, opilez gainera, bestelako jakiak ere eramaten dituzte herritarrek bedeinkapen ospakizun horietara: laranjak, eztarrirako kordelak, gatza, San Blasak egiteko osagaiak… beti ere, eztarria sano mantentzeko helburuarekin, hori da-eta, San Blas zaindariari aitortzen dioten boterea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak