Bisita berezia izan da, gainera, gaurkoa; izan ere, duela 17 urte, taldea sortu zenean, Arantzazun egin zuten aurreneko aurkezpena. Euskaltel-Euskadik 18. denboraldia du hau profesional mailan.
Pello Zabalak egin die harrera eta, Migel Madariagaren eskutik Euskalteleko maillota jasota, Arantzazuko Ama Birginaren irudia ikustera joan dira. Taldeko kideek lore eskaintza egin diote han. Ama Birginaren inguruko azalpenak jaso eta santutegira jaitsi dira, eta han ere elizaren gainekoak azaldu dizkie Pello Zabalak. Aldarearen aurrealdean egin duten familia argazkiarekin amaitu dute Arantzazuko bisita Euskaltel-Euskadikoek. Euren hasierako asmoa zen han bizikletak hartu eta Donostiaraino entrenamendua egitea, baina zegoen giroarekin –2 gradu baino ez zeuden eguerdian Arantzazun– planak aldatu dituzte.
Igor Gonzalez Galdeano pozik agertu da denboraldi honetarako osatu duten taldearekin. Samuel Sanchezekin Tourrean aurrean egon gura dute laranjek, eta gauza bera Igor Antonekin Espainiako Vueltan. Iban Velascok, berriz, Australian hasi du denboraldia, eta laster doa Mallorcara, bertako itzulian parte hartzera. Helburu nagusiak, baina, aurreragorako ditu: aurrenekoa, EUskal Herriko Itzulian.
Igor Gonzalez Galdeanori eta eta Iban Velascori egindako elkarrizketak, osorik, datorren asteleheneko Harmailatik saioan ikusi ahal izango dituzue, eta Goienaren egubakoitzeko eta asteleheneko papereko edizioetan irakurri.