1.Txirri, Mirri eta Txiribitonen Tortolikara igotzeko pribilegioa izan zenuen… Nolako bidaia izan zen?
Bidaia oso polita; urte oso politak izan ziren, telebistaren hastapenak... Oroitzapen onak ditut. Gainera, eurak ganberro hutsak ziren, pertsona maitagarriak.
2. Ordutik hona izandako ibilbideari erreparatuz.... Izan duzu inoiz aspertzeko aukerarik?
Ez zait gustatzen aspertzea. Jakinminak beti bultzatzen zaitu beste zerbait egin edo ikastera... Burua azkarregi joaten zait eta hurrengo kontuan pentsatzen hasten naiz.
3. Zein izan da gidoiak aginduta bota duzun esaldi xelebreena?
Esaldi xelebreena ez dut gogoratzen; egoera xelebreak bai. Behin telebistan elkarrizketa oso bat egin zidaten pentsatuz Elena Irureta nintzela. Lotsa ematen zidan Elena ez nintzela esan eta elkarrizketatzailea nabarmen uzteak!
4. Eszena erromantiko bat duzu eta zuk aukeratzen duzu bikotekidea. Nor izango litzateke zorteduna?
Eszenaren arabera: erotikoa izan daiteke, sexuala, naif-a.... Bakoitzerako bat aukeratuko nuke.
5. Inoiz esan dizute benetako lan bat bilatzeko?
Bai, denetarik esan didate. Behin denda baten esan zidaten ea daukadan txilibitu-ahotsarekin nola egin nezakeen antzerkia!
6. Antzerki, zinema eta telebistan zuzendari izan zara; orain Etxepare institutukoa. Agintzea gustuko?
Ez pentsa... Egia da ohituta nagoela jende artean lan egitera, baina faltan igartzen dut etxera joan eta idazten egotea, nire denbora hartu... Ez zait askorik gustatzen, baina ez zait zaila egiten.
7. Nola azaldu nire amandreari zer den Etxepare institutua?
Gustatzen zaizkion euskal liburuak, antzerkiak, musika... mundura eramateko da, munduak ere goza dezan.
8. Zein koloretakoa ikusten duzu euskararen etorkizuna?
Oso argitsua. Bere bidea du, eta bere bidea jarraituko du; jendearen esku dago hori. Gazteengan, baina, konpromiso falta nabaritzen dut sektore batzuetan. Instituzioen esku utzi dugu azken urteotan, baina intentzioa eta gogoa ez dira erosten.
9. Goi karguetan aktore asko dago?
Aktoreak alde guztietan daude, paper bat betetzen dute, baina badago jende oso garbia ere, laguntzeko prest dagoena.
10. Iaz Hernaniko txotx denboraldia ireki zenuen. Aurtengo uzta probatu duzu?
Ez, baina seguru nago sagardotegira bisita egingo dudala. Dituen merituengatik, gainera, asko poztu nau denboraldia ireki duena Maialen Mujanbio izateak.
---------------------------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Alde egingo nuke hemendik! Ez dakit, ez dut nire burua hor ikusten. Baina, egia esan, laster izango naiz: nire etxeko komunitatekoa, hain zuzen ere! Lehenengo erabakia etxea hobetzea izango da. Baina horrek ez du esan nahi orain artekoak gaizki egin duenik; harreman ona dugu denok".