Tabakoaren legeak negozioari kalte egiten diola erakutsiko dute ostalariek 27an

Jon Berezibar 2011ko otsailaren 1a

Hilabete izango da bihar galarazpenetik eta erakundeak normaltasunaren mezua lau haizeetara zabaltzen badabiltza ere, ostalarien artean ezinegona agerikoa da. Bizkaiko eta Arabako ostalariak dira oraingoan haserrea adierazi dutenak eta hilaren 27rako protesta gertatzen dabiltzanak. Tabakoaren debekuak negozioari kalte egiten diola esaten dute, "nabarmen" gainera gau-giroko lokaletan, eta "kontsekuentzia errealak" azaltzeko ekitaldi informatiboa egingo dute.

Euskadiko Ostalarien Federazioak (Bizkaia eta Arabako ostalariak hartzen ditu, Gipuzkoakoak iaztik ez) tratu diskriminatzailea jasotzen dabiltzala salatuko dute. Tabakoaren Aurkako Legeak bazter utzi dituela diote euren jarduera ekonomikoa kaltetzen dabilelako. Bizi duten egoeraren berri eman gura dute eta horretarako hilaren 27an Bilboko Euskalduna Jauregian protesta-ekitaldi informatiboa egingo dute euren errealitatea azaltzeko. Galerak dituzte, bezero gutxiago, batez ere, gau-giroko lokaletan. Horrekin batera lege berria indargabetzea eskatzeko sinadurak batuko dituzte eta ostalarien artean ere inkesta egingo dute informazioa biltzeko.

Gipuzkoan, Espainiako federazioaren zain

Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea ez dago Euskadikoaren barnean iaz utzi zutenetik. Espainiako Federazioak deituko dituen protesten zain daude baina oraindik ez da ez deialdirik, jakin baldin badakite ere, egongo dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak