Arrasate-Aramaio errepideak itxita jarraitzea salatu du Aralarrek

Usoa Agirre 2011ko otsailaren 1a

Aralarrek salatu du, "A-2620 errepidea ixtea eragin zuen lur jausia gertatu zenetik urtebete igarota, gobernuak ez duela inongo konponbiderik eman. Are gehiago, besteek egindako proposamenak atzera botatzen dituzte".

Aralarren legebiltzarkide Oxel Erostarbek "erantzukizuna" eskatu die erakundeei "elkarren artean lan eginez, eta jarrera aktiboa hartuz, lehenbailehen konpontzeko Aramaio eta Arrasateko herritarrek pairatzen ari direna". Era berean, herrialdeko errepideen ardura duen Arabako Aldundiari eta AHTren obrak sustatzen dituen Jaurlaritzari eskatu die, "duten erantzukizunari aurre egitea eta elkarren artean arazoak pasatzeari uztea" . Aralarren iritziz, "Jaurlaritzaren eta Aldundiaren beste arduretako bat izan beharko luke ADIF enpresari azkartasuna exijitzea errepidea konpontzea izan dadin lehentasunezko".

Aralarrek gogoratu du errepidea itxi ondoren Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamena egin zuela, AHTren obrak eragiten dituen kalteak aztertzeko eta erakunde arteko batzordea sortzeko. Proposamena 2010eko apirilean eztabaidatu zen. Atzera bota zuten PSEk, PPk eta UPyDk. Aralarrek salatu egin zituen AHTaren obrak sustatzen ari diren erakunde eta ADIFen arteko "deskoordinazio ikaragarria”. “Jarrera horrek babesik gabe uzten ditu obren ondorioak pairatzen dituzten herritarrak” .

Horren harira, Aralarrek proposamena aurkeztu zuen "koordinazio ezak herritarrak babesgabe uzten dituelako" eta "burokraziari aurre egiteko erreminta baliagarria izango litzatekeelako erakundeen arteko batzordea eratzea". Erostarberen ustez, ekimenak lortuko luke "pilota batetik bestera pasatzen aritzea".

Aralarrek bere aurkakotasuna adierazi gura izan dio berriro ere AHTri, azpiegitura horrek "ez duelako herritarren mugikortasun arazoak konpontzeko balio"; era berean, erakundeei eskatzen die koordinazioz aritzea, "obren ondorio latzak pairatzen dituzten herritarren arazoei konponbidea ahalik eta arinen emateko".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak