Egun eguzkitsuak datozkigu

Ubane Madera 2011ko otsailaren 1a

Datorren ostiraletik aurrera tenperaturak igo egingo dira Euskalmeten arabera; otsaila eguraldi lehor eta eguzkitsuarekin hasiko da, Iberiar Penintsulan eta Europa hegoaldeko eremu handi batean berehala ezarriko den antizikloi baten ondorioz.

Halere, Euskalmetek ohartarazi du oraindik ere antizikloiak ipar-haizea ekarriko duela, gutxienez etzira arte, San Blas egunera arte. Gainera, hodei ugari izango dira, eta euri txikia egiteko aukerarik ere izango da.

Euririk ez

Eguraldi iragarpenari dagokionez, bihar eta etzi ia ez da euririk izango, eta, izatekotan, oso ahula izango da. Euskal Meteorologia Agentziaren esanetan, litekeena da hilaren 4tik aurrera egonkortasuna eta eguraldi lehorra eta eguzkitsua izatea nagusi. Goiz aldean lainoa sortuko da, eta barnealdeko zenbait tokitan iraunkorragoa izango da lainoa.

Tenperaturak gora

Egoera hori otsailaren 8ra arte luza daiteke. Horrela, tenperaturak igotzen joango dira poliki-poliki, eta lehen egunetan tenperatura maximoak 5 eta 10 gradu zartekoak izan daitezkeen arren, otsailaren 4tik aurrera 10 eta 15 gradu artekoak izango dira.

Tenperatura minimoei dagokienean 5 gradu ingurukoak izango dira kostaldean eta 0 eta 5 gradu artekoak barnealdean. Beraz, barnealdean izotz txikia egin dezake.

Urtarrila, hilabete lehorra

Bestalde, joan berri zaigun hilari dagokionez, Euskalmeten, arabera, urtarrila oso hilabete lehorra izan da, prezipitazio urriak izan direlako. Tenperaturei dagokienez, berriz, epel samarrak izan dira.  

Egun epelak batez ere hilabetearen lehen bi herenetan izan dira. Horien artean azpimarragarriak izan ziren urtarrilaren 6tik 8rako tenperaturak, ekainetik urrira arteko garairako berezkoagoak izan ziren-eta.

20 gradutik gora

Adibideak: kostaldean tenperatura maximoek 20 graduak gainditu zituzten, eta minimoak ia ez ziren jaitsi foehn haizearen ondorioz. Horrela minimoak 18 gradu artekoak izan ziren egun horietan, barruko aldean, esaterako, Oletan 21.8 graduko tenperatura maximoa eta 18.7ko minimoa izan zuten.

Gau tropikala

Egoera horri, tenperatura minimoak 18 gradu gainditzeari, meteorologia alorrean "gau tropikala" esaten zaio.
Aipatutako epean, Bilbon, 1948tik aurrera neurtutako tenperatura minimo nagusiena gainditu zen joan den hilaren 7an. 1960ko urtarrilaren 24an 17.4 gradukoa izan zen minimoa, eta 2011ko urtarrilaren 7an 18.3 gradukoa.

Izotz handiena

Minimoei dagokienean, hilaren 20tik aurrera ipar-ekialdeko haizearen ondorioz barnealdean izotza egin du. Izotz handiena urtarrilaren 26an egin zuen: Iturrietan 9.9 gradu zero azpitik, Agurainen 9.2 gradu zero azpitik eta Ozetan 8.4 gradu zero azpitik.

Haize handiena

Bukatzeko, hilaren 5etik 8ra arteko epea hilabeteko haizetsuena izan zen, hego-mendebaldeko bolada oso indartsuekin. Kasu batzuetan urakan-haizeak ere izan ziren Bizkaiko toki batzuetan (Urduñan 141.8 km/h, Cerrojan (Karrantza) 124.2 km/h eta Zugaztietan 108.3 km/h).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak