Egungo errealitatearen azterketa kritikoa, gazteen ikuspegitik

Txomin Madina Milikua 2011ko urtarrilaren 28a

Bagara egitasmoaren barruan sortutako Gaztea Herrigintza ekimenak asteon izan du bere bigarren bilera. Euskadiko Gazteria Kontseiluko kideak laguntzaile  izan dituztela, egungo errealitateren azterketa kritikoa egin dute gazteek bigarren saio honetan.

Hezkuntza, lana, etxebizitza eta aisialdia. Lau gai horiek izan dira protagonistak Herrigintza Gaztea ekimenaren bigarren saioan. Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Antzuolako 20 gazte inguru bildu dira oraingo honetan eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko bi kide ere izan dituzte gonbidatu.

Dinamika ezberdinen bidez  aipatutako gai horien azterketa kritikoa egin dute, Debagoienean puntu bakoitzak dituen hutsune eta indarguneetan sakonduz.

Urtzi Ugalde izan da Euskal Gazteriaren Kontseilutik etorritako gonbidatuetako bat. Bere esanetan, egungo sisteman asko dago kritikatzeko, nahiz eta onartu sistemaren beraren ondorioz, gazteriaren zati handi bat pasibotasunean murgilduta daudela. Ugalderen ustez baina, Bagararen Herrigintza Gaztea bezalako ekimenek egoera horri buelta ematen laguntzen diote.

Hurrengo saioak

Aste honetan egindako saioaren ostean, otsailaren 11 eta 12an izango da Gaztea Herrigintzaren hurrengo topaketa: irteera bat izango da,  ostiral arratsaldean abiatu eta larunbat arratsalderaino iraungo duena. Kasu honetan, autoeraketan oinarritzen den gazte esperientzia bat bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Hurrengo saio arrunta, bestalde, otsailaren 26an izango da, hizkuntzen ekologiaren inguruan hain zuzen ere.

Ekimenaren sustatzaileek gogoratu dute talde irekia direla, beraz gazteren batek bertan parte hartu gura izanez gero, eurekin harremanetan jarri besterik ez du: http://bagaraherrigintzagaztea.wordpress.com/



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak