Arantzazu gutxi ezagutzen da, eskaintza gustuko den arren

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urtarrilaren 28a

Arantzazu, beronek eskaintzen dituen berrikuntzak, instalazioak eta zerbitzuak aztertu ditu inkesta batek. Herritarrei galdetu zaie horien guztien gainean. Eta ondorioa izan da bost lagunetik lauk ez dituela Arantzazuren berritasunak ezagutzen, baina Arantzazu berriki bisitatu dutenek diote gustura daudela eskaintzen dituen zerbitzuekin. Bikaintasunetik gertu dago Arantzazu, erabiltzaileek jarritako notaren arabera.

 

Arantzazuko Adiskideak elkarteak eskatutako lana da, Arantzazuko Santutegiak dauzkan ahulguneak eta indarguneak ezagutzeko asmoz. Hala, hobeto berritu eta promozionatu ahal izango da, eta bideragarriago egiten hobeto lagundu. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Iruñeko eskualdean bizi direnen artean egin dute inkesta.

Zerbitzu berriak gutxi ezagutzen dira

Arantzazuk duen ahulgune nagusia da eskaintzen dituen zerbitzu berriak gutxi ezagutzen direla. Eta indargune nagusia, Santutegiaren egungo errealitatea ezagutzen dutenen asetze-maila altua.

Hiru pertsonako ia bik badaki Arantzazu existitzen dela eta zein den haren esanahia. Halere, Santutegiko gaur egungo egoerari buruz galdetzean ezagutza-maila izugarri jaisten da.

Inkesta egin duten lagunen %57,9ak Santutegia ezagutzen duela adierazi du.

Populazioaren %22ak bakarrik daki zer edo zer Arantzazuko Santutegiak azken hamar urteetan egin duen berrikuntza sakonaren inguruan.

Aisialdirako eskaintza egokia

Santutegia bisitatu duten lagunen arabera, Arantzazuk ibilaldietarako, bisitetarako eta kulturarekin, naturarekin, gastronomiarekin eta espiritualitatearekin lotutako turismo egonaldiak egiteko erreferentziako leku izateko baldintzak, zerbitzuak eta baliabideak biltzen ditu.

Arantzazu erlijioaren oroitzapen historikoari lotzen zaion leku bezala da ezaguna. Eta irudi horrek mugatu egiten du gaur egungo errealitatearen dibertsitatea, baita Santutegiaren egungo eskaintza-dibertsitatea ere naturan, espiritualitatean, kulturan eta abarrean “bilatzen duten pertsonentzat”.

Santutegiaz entzun duen %37,9ak bakarrik daki Arantzazu berrikuntza-prozesuan murgildua dagoela.

Beharrezkoa da informazio- eta komunikazio-ahalegin handiagoa egitea Arantzazu beraren eta Arantzazuk eskaintzen duen berrikuntzaren inguruan.

Arantzazuren potentziala

Arantzazu prest dago bisitari potentzialek gehien baloratzen duten hori eskaintzeko: natura, paisaia, gastronomia eta kultura.

Distantzia, hasiera batean, ez da problema asteburuetako aisialdiko ohiko erabiltzaileentzat; izan ere, adierazitakoaren arabera, ibilgailu pribatuan bi ordu arteko bidea egiteko prest agertzen dira.

Halere, Arantzazuri buruz urruti dagoelako ustea dago zabaldua (bidea egiteko ordu asko behar direlako ustea), eta horrek bisitariei atzera eginarazten die edota ibilaldi luzea egin beharko dutela onarrarazten.

Dena den, joan-etorria egiteko denbora gaur egungo joerek arrazoizkotzat jotzen dutenaren barruan daude hiriburuetako edozeinetatik. Bestalde, Arantzazuri buruz entzun duen %60,5ak daki nola heltzen den bertara.

Santutegia berriki bisitatu duen %60ak berriz ere itzultzeko asmo sendoa du.

Lehentasunezko turismo-zirkuituan

Ulertezina den arren, Arantzazuko Santutegia ez dago gaur egun erakundeek sustatutako lehentasunezko turismo-zirkuituaren barruan, eta hori nabari egiten da Arantzazuri buruzko ezagutza datuetan. Gehiago ezagutzen eta bisitatzen da gune erlijioso bezala eta gehiago inguruko lekuetatik.

Erakundeek Arantzazuko Santutegia Euskadiko

lehentasunezko turismo-zirkuituetan gehitu beharko lukete eta Arantzazuri buruzko informazioa jarri

beharko litzateke web gune eta leku ofizialetan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak