Pentsioen erreforma, debagoiendarrek ikusita

Leire Kortabarria 2011ko urtarrilaren 28a

Espainiako Ministroen Batzordea gaur zen onartzekoa hurrengo pentsioen legearen oinarriak batzen dituen testua, gaur bertan, goizaldean, urgentziaz Zapaterok CCOO eta UGT sindikatuekin ados jartzea lortu eta gero. Oinarri horien arabera, hasierako planteamendua zertxobait leuntzen da, baina gaur egungo erregimenarekiko murrizketa handiak gertatuko dira hala ere.

Eduki hauek guztiak luze eta zabal jaso ahal izango dituzue asteleheneko Goiena aldizkarian eta, eguaztenean, Goiena Telebistan.

Zapaterok eta CCOO eta UGT sindikatuek bat egin dute honako neurrietan:

  • Pentsio osoa kobratzeko, 38,5 urte kotizatu behar izango ditu langileak, eta kasu horretan 65 urterekin erretiratu ahal izango da (gaur egun 35 urte dira);
  • Hori lortzen ez duten guztiek 67 urtera arte lan egin beharko dute eta 37 urte kotizatuta izan, pentsio osoa kobratu nahi badute.
  • Kotizazio-oinarria dezente handituko da. Gaur egun, lan egindako azken 15 urteen oinarriaren batez bestekoarekin ateratzen da pentsioa. Bada, erreformarekin, lehenengo 20 urtera handituko da epe hori, eta gero, 25 urtera; hori ere modu progresiboan ezarriko da.
  • Lege berria 2013ean hasiko da ezartzen. Urte horretan hasiko da erretiro-adina handitzen: 2014an erretiratu nahi duenak 65 urte eta hilabete eta erdi beteta izan beharko ditu; 2015ean, 65 urte eta hiru hilabete; eta 2027rako, dagoeneko 67 urterekin erretiratuko dira langileak.

Erreformak kooperatibetako bazkideei ere eragingo die. Izan ere, gaur egun pentsioaren %60 Lagun Arotik jasotzen dute, eta gainerako %40 Gizarte Segurantzatik; baina, iaz onartu zuten erreformaren arabera, hemendik urte batzuetara gutxi gorabehera justu alderantzizkoa izango da proportzioa. Pentsioen erreformak, beraz, neurri baten ere eragiten die kooperatibistei.

Ardura piztu du

Egoera desberdinean dauden lau lagunen iritzia jaso du Goienak: ELA sindikatuko Amagoia Lasagabaster; 28 urteko langile Aitor Izagirre; aurre-erretiroa hartzera doan eta Kutxako langile den Mikel Irizar; eta erretiratua den eta LAB Nagusietako kide den Jose Antonio Amondarain. Denek ere arduraz eta, oro har, iritzi txarrez hartu dute egin den erreforma.

Hala, Lasagabasterren esanetan, "gazteei eta emakumeoi" eragiten die batez ere erreformak, eta euren baldintzak okertuko dira; Izagirreren iritziz, "langileoi erasoa" da erreforma osoa; Irizarrek dioenez, "pentsio publikoek gutxieneko duin bat bermatu behar dute"; eta Amondarainen hitzetan, datozen urteotan erretiratu behar direnek "gogor borrokatu beharko dute, bestela egoera latza izango dute".

Horrez gain, Eduardo Zubiaurre enpresaburuak ere bere iritzia eman zuen Goiena aldizkarian, iritzi-artikulu baten. Besteak beste, hauxe zioen: "Nire ustez, eraginkorrena ahal denik eta modu zabalenean jendea lanean (eta kotizatzen) jartzea da: lanerako heziketa indartuz, ekintzailetasuna sustatuz, kontratazioa eta lan harremanak malgutuz eta erraztuz, prestazioren bat jaso eta lana egin ahal izatea legeztatuz..."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak