Pentsioen erreforma: finkatu dituzte akordiorako oinarriak

Goiatz Arana Begiristain 2011ko urtarrilaren 28a

Pentsioen erreformak ez du estuasun batean jarriko Espainiako Gobernua, oso gertu duelako CEOE eta CEPYME patronalekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin behin betiko akordioa ixteko aukera. Egubakoitz goizaldean bukatu dituzte negoziazioak eta espero dute akordioa otsailaren 2an sinatzea. Ondorioz, pentsioa jaso ahal izateko, urte gehiagoz lan egin beharko da eta, erretiroa hartuta, ordaina txikiagoa izango da.

 

Espainiako Gobernuak, CEOE eta CEPYME patronalek eta CCOO eta UGT sindikatuek hilabeteak daramatzate pentsioen erreforma negoziatzen eta, denbora gehiena ez aurrera ez atzera eman duten arren, egubakoitz goizaldeko bilera negoziazioei azken bultzada emateko giltzarria izan da: behin betiko akordioaren oinarriak finkatu dituzte.

Erretiro adina 65 urtetik 67ra

Horien arabera, erretiroaren adin ofiziala bi urte atzeratuko da. Gaur egun, 65 urte dira eta, erreformaren ondotik, 67 urte izango dira, baina aldaketa ez da bat-batean gertatuko: asmoa da erreforma 2013. urtean sartzea indarrean eta urtero hilabete t’erdi atzeratzea; hala eginez gero, 2027. urtean erretiroa hartzen duen langilearentzat 67 urte izango dira. Hala ere, 38 urte t’erdi kotizatuta dituen langileak aukera izango du 65 urterekin erretiratzeko.

Ordaina kalkulatzeko azken 25 urteak hartuko dira kontuan

Jaso beharreko ordainari dagokionez, gaur egun Gizarte Segurantzari 35 urte kotizatzen dizkion langileak pentsio ordain osoa jasotzeko eskubidea du, baina baldintza hori bi urte handituko du erreformak: 37 urtez lan egitea eta kotizatzea beharrezkoa izango da pentsio ordain osoa lortzeko. Eta ordaina kalkulatzeko, orain arte kotizatutako azken hamabost urteetako ordainaren batez bestekoa hartzen bazen ere kontuan, lege berriarekin lan egindako azken 25 urteak hartuko dira kontuan.

Lan Ministerioak gogortuko egingo ditu erretiroa aurrez hartzeko baldintzak ere, baina ez du aukera hori guztiz ezabatuko. Gaur egun, posible da erretiro aurreratua 61 urterekin hartzea eta, erreformaren ondoren, 63 urte izatea beharrezkoa izango da.

Neurriok onartzearen truke, pentsioa osorik jasotzeko aukera gutxien dituzten kolektiboentzat —gazte eta emakumeentzat—, egoera pixka bat arintzeko bideak irekitzea lortu dute sindikatuek. Hala, lege berriaren arabera, bekadun modura egindako lanak kotizatutako gisa kontatuko du, bi urte bitartean. Eta hala izango da lana behin-behinean utzi eta haurrak zaintzea erabakitzen duten emakumeentzat ere: bederatzi hilabeteko kotizazioa haur bakoitzeko, eta gehienez ere bi urte.

Sinadura: otsailaren 2an

Espainiako Gobernuaren, patronalaren eta sindikatuen arteko akordioa otsailaren 2an sinatzea espero dute.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak