Patagoniako 'kondor' bat Agorrosinen topatu dugu

Arritxu Barruso 2011ko urtarrilaren 29a

Eibartarra izan arren, Bergarako Agorrosin kirolgunera joaten direnendako aurpegi ezaguna da Maialen Delgado; igeriketa irakaslea da eta spinning eskolak ematen ditu. Bada, duela hiru astetik hona, Agorrosinera joaten direnek bakarrik ez, Euskal Herri osoak ezagutzen du Maialen Delgado.

Euskal Telebista emititzen ari den El conquistador del fin del mundo saioan parte hartu du aurten. "Lehenengo programa emititu zenetik jende guztia galdezka gerturatu zait. Ea ni naizen, zelako esperientzia izan den, Juanito eta Kortarekin ondo konpondu naizen... Ni lotsati samarra naiz, baina jendea oso modu onean gerturatzen da eta gustura hartzen da", kontatu digu. Agorrosinen ere, lankide eta ikasleek astero-astero jarraitzen dute telebista saioa: "Igeriketa eskoletara etortzen diren haurrek 7 urte dituzte eta ez dute ulertzen nola den posible telebistan Patagonian nagoela ikustea eta hurrengo egunean igerilekuan egotea. Oso barregarria da. Spinningeko ikasleak nagusiagoak dira eta Patagoniara joan nintzenean ere asko animatu ninduten".

Broma modura hasi zena...
Ez zuen telebista saioa ezagutzen, baina, lagun batek eskatuta, biak joan ziren casting-era: "Ez nuen oso serio hartu. Pentsa, neurriak, pisua eta horrelako hainbat datu eskatzen dituzte eta nik denetan gezurra esan nuen". Kontua da, baina, saioko arduradunek zer edo zer ikusi zutela eibartarrarengan; Patagoniara joateko aukeratua izan zen: "Kanpoko igerilekuan sorosle moduan lanean nenbilela deitu zidaten eta aukeratua izan nintzela jakiteak sekulako poza eman zidan".

Emakumezkoen taldean pozik
Aurten lehen aldiz hiru taldetan banatu dituzte parte-hartzaileak: neskak, mutilak eta atzerritarrak. Nesken taldean egon izanarekin pozik dago eta baita tokatu zitzaion kapitainarekin ere: "Iratik oso lan ona egin du eta neskok orain arte erakutsi dugu mutilak bezain ondo edo hobeto moldatzen garela. Etorkinen taldearen kontuak ere polemika sortu du. Uste dut naturaltasunez hartu behar direla gauzak. Ez dut matxismo edo arrazismorik ikusten".

Bizitzako esperientzia
Igeriketaz gain, surfa eta futbolean ere egiten du Delgadok. Esan daiteke sasoi bete-betean dagoela, baina berak kontatu digu fisikoa baino garrantzitsuago dela alderdi psikologikoa: "Burua hotz eta gogor mantendu behar da. Luze egiten da; ordu asko igarotzen genituen ezer egin barik, eta jendearekin bizi izaten jakin behar duzu". Oso esperientzia gogorra izan den arren, errepikatu egingo lukeela kontatu digu: "Sekulako esperientzia da eta bi bider pentsatu barik berriz joango nintzateke".
Saioa hasi besterik ez da egin; ea Agorrosingo konkistatzailea faroraino iristen den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak