Balorazioak
Amagoia Lasagabaster, ELA: "Greba guztiz arrakastatsua izan da".
"Poligonoak hustuta, kaleak hustuta, eta nik uste Debagoiena denak egin duela bat grebarekin. Donostiako manifestazioa ere ikaragarria izan da".
Jose Ramon Kortabarria Moztu, LAB: "Jendeak erakutsi du ez dagoela erreformarekin ados"
"Eskatzen genuen greba orokorra, baina greba orokor horren barruan pixka bat azaltzea ez gaudela konforme eta hori kalean erakutsi behar da. Jendeak erakutsi du ez dagoela bat ere ados."
ESK: "Izan duen jarraipena nahikoa izan da 2009ko maiatzean ekindako bidetik jarraitzeko eraso neo-liberal larriari aurre egiteko"
"Jarraipen garrantzitsua izan du, lau hiriburuetan egin diren manifestaldietan milaka pertsonen parte-hartzeak adierazten duen bezala; Gobernuak ezarritako neurriz gaineko gutxieneko zerbitzuei aurre egin behar izan dio grebarako deialdiak, baita ere hedabideen kanpainari; greba orokorrerako deialdi honek, salbuespenak salbuespen, bizitza publikotik desagertarazi egin dute."
Adegi eta Jaurlaritza
Adegik ohar baten bidez esan du Gipuzkoako langileen %72 joan zela atzo lanera. Adierazi du jarraipena ezberdina izan zela lantegi txiki eta handietan: "Eragin txikia izan du grebak lantegi txiki eta ertainetan; handietan, aldiz, eragin handiagoa izan du". Era berean, pikete informatibo batek enpresa batean eragin zituen txikizioak salatu zituen Adegik.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, enpresa sektorean %18ko jarraipena izan zuen grebak eta merkataritzan ez zuen eduki jarraipenik. Lurraldeen arabera, Araban %13k egin zuen greba, Bizkaian %16k eta Gipuzkoan %30ek.
Sektore publikoan: administrazioan %21,5eko jarraipena, hezkuntza publikoan %21,98koa eta itunpeko sarean %12,59koa. Osakidetzan %9,8ko jarraipena izan zuen Gipuzkoan.
Egun lasaia eta jarraipen zabala
Goizean goizetik sindikatuetako pikete informatiboak ibili ziren ibarreko industrialde gehienetan. Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, eztabaida batzuk izan ziren pikete eta langileen artean, baina ez zen inolako istilurik egon. Eguna lasai joan zen.
Lantegi handi gehienetako langileek egin zuten bat grebarekin, baina askotan loteslea ez zenez lantegiak ez zituzten guztiz itxi, Fagor taldeko zenbait lantegi, adibidez. Guztiz itxi zituzten, adibidez, JMA eta Union Cerrajera. Bergaran itxita egon ziren Geyser, Metagra, Iraundi, Lacor, Eder, Candy, Lazpiur, Torunsa eta Tornillería Deba, besteak beste. Oñatin, Ulma Construcción izan ezik, Ulma taldeko beste guztietan egin zuten greba. Hijos de Juan Garayn, Cegasan, Zahorren, Staedlerren eta Chinchurretan ere greba egin zuten. Hemen duzue lantegien zerrenda, herriz herri.
Saltoki eta tabernei dagokienez, erdiguneak ia geldirik izan ziren; taberna eta saltoki gehienak itxi zituzten. Hemen duzue zehatzago nola ikusi genituen atzo herrietako erdiguneak.