Pentsioen erreformaren aurkako greba: erantzun zabala eta lasaitasuna nagusi

Usoa Agirre 2011ko urtarrilaren 27a

Goizeko lehen orduetatik, sindikatuetako pikete informatiboak ibili dira herrietako lantegi zein komertzioetan, baina Ertzaintzatik adierazi digutenez ez da aparteko arazo edo istilurik egon. Lantegi handi gehienek greba egin dute eta kalean ere saltoki gehienak itxita daude. Sindikatuen esanetan, greba ia %100ekoa izan da ibarrean; Adegiren arabera, Gipuzkoako langileen %72 lanera joan da gaur.

Piketeak

Goizean goizetik sindikatuetako pikete informatiboak ibili dira ibarreko industrialde gehienetan. Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, eztabaida batzuk izan dira pikete eta langileen artean, baina ez da inolako istilurik egon.

Arrasaten, Mondragon Unibertsitatearen ondoan, Jose Maria Arizmendiarrieta pasealekuan, Mondragon Taldeko bulegoetara bidean, pikete informatiboak egon dira goizean bertatik pasatzen ziren autoetakoei greba egiteko dei eginez.

Goiza lasai joan da.

Lantegiak

Lantegiei dagokienez, Arrasaten Fagor taldeko lantegi denetan egin dute greba, baina askotan loteslea ez zenez langileak joan dira lanera. Baita JMA eta Union Cerrajeran ere. Gelman eta Polmetasan ez dute bozketarik egin eta langile batzuk egin dute greba. Kataide poligonoan dauden lantegi txiki askotan langileak lanean ikusi ditugu.

Bergaran greba egin dute Geyserren, Metagran, Iraundin, Lacorren, Ederren, Candyn, Lazpiurren, Torunsan eta Tornillería Deban. TTTn ez dute grebarik egin. San Juango industria guneko enpresa txiki batzuk itxita zeuden, baina beste batzutan lanean ikusi ditugu langileak. Labegaraietako industrialdean, berriz, ohi baino auto gutxiago zegoen, baina batzuk joan dira lanera.

Oñatin greba egin dute Ulma Pacaging-en, Ulma Polimeron eta Ulma Forjan. Ulma Construcción-en ez dute grebarik egin. Hijos de Juan Garayn, Cegasan, Zahorren, Staedlerren eta Chinchurretan ere greba egin dute. Fagor Etxetresna Elektrikoetan greba egin dute; Industrialen ere greba egin dute, baina loteslea ez zenez lanera joan dira batzuk.

Aretxabaletan greba egin dute Lorelanen. Baita Azben eta Coprecin ere, baina loteslea ez zenez batzuk joan dira lanera.

Eskoriatzan greba egin dute Tesan eta Leniz fundizioan. Fagor Ederlanen eta Etxetresna Elektrikoak-en greba egin dute, baina zerbitzu minimoekin. Zubia pateak-en ez dute grebarik egin.

Antzuolan greba egin dute Elayn eta Balzersen. Goizperren ere greba egin dute langile batzuek. Matz Errekan ez dute grebarik egin.

Elgetan greba egin dute Recyden, Elkoro Dekoletajeetan eta Alfa Decon. Laibe eta Tapen S.A. enpresetan ez dute bozketarik egin.

Hemen duzue lantegien zerrenda.

Saltoki eta tabernak

Asko izan dira gaur greba egin duten saltoki eta tabernak.

Arrasaten itxita ikusi ditugu erdiguneko taberna eta denda gehienak. Bat edo beste bakarrik zeuden zabalik, Hotel Mondragon, adibidez. Zabalik ikusi dugu, era berean, Musakolako gasolindegia. Eroski saltoki handia itxita egon da. Pintxo-poteoa atzoko egunez egin zuten tabernetan.

Bergaran ere itxita ikusi ditugu erdiguneko taberna, denda eta banketxe gehienak. Erdigunetik kanpora, baina, zenbait saltoki zabalik daude: Amillagako Eroski, Super Amara, gasolindegia eta IAT, adibidez.

Oñatin saltoki eta taberna gehienak itxita daude erdigunean. Hiru okindegi ikusi ditugu zabalik.

Aretxabaletan ere erdiguneko saltoki eta taberna asko itxita ikusi ditugu. Hala ere, zabalik zeuden Eroski denda, taberna bat eta Kutxa, zerbitzu minimoekin.

Osasun zerbitzuak

Debagoieneko Ospitalean langileen %16k egin du bat grebarekin, zuzendaritzaren datuen arabera. Kontsultetan eta kirofanoetan ez du eraginik izan.

Anbulategi eta kontsultategiei dagokienez, normaltasuna izan da nagusi. Bergaran eta Aretxabaletan, adibidez, egin dute greba batzuk, baina ez du eragin handirik izan.

Administrazioa

Leintz Gatzagako udaleko langileek izan ezik, greba egin dute ibarreko gainontzeko udaletako langileek. Hala, udal zerbitzu gehienak egon dira itxita.

Hezkuntza

Arrasaten, ikastetxe gehienak egon dira itxita. Mondragon Unibertsitateko langileek greba egin dute eta zerbitzu minimoak egon dira.

Bergaran itxita egon dira ikastetxe guztiak.

Oñatin, Enpresagintzan izan ezik, gainerako ikastetxe guztiak itxita egon dira grebaren ondorioz.

Aretxabaletan, greba egin dute Arizmendi ikastola, Kurtzebarri eskola eta Aretxabaleta Institutuko langileek.

Eskoriatzan, greba egin dute Huhezin eta Luis Ezeiza herri eskolan.

Antzuolan itxita egon dira herri eskola eta jangela, langileek greba egin dutelako.

Elgetan zuzendaria eta beste bi irakasle egon dira eskolan, langileen %95k egin duelako greba. Jangela zerbitzurik ez da egon.

Garraioa

Lurraldebusek eta Arrasateko urbanoak zerbitzu minimoak eskaini dituzte.

Sindikatuen eta Adegiren balorazioak

ELAko Patxi Zubizarreta eta LABeko Jose Ramon Kortabarria Moztu pozik zeuden Debagoieneko langileek grebari emandako erantzunarekin. Sindikatuen arabera, "tailer txiki eta saltoki batzuk salbu, greba orokorra izan da, ia %100ekoa". Arrasate, Oñati eta Bergara "geldi" daudela adierazi dute.

Adegik ohar baten bidez esan du Gipuzkoako langileen %72 joan dela lanera. Adierazi du jarraipena ezberdina izan dela lantegi txiki eta handietan: "Eragin txikia izan du grebak lantegi txiki eta ertainetan; handietan, aldiz, eragin handiagoa izan du". Era berean, pikete informatibo batek enpresa batean eragin dituen txikizioak salatu ditu Adegik.

Eusko Jaurlaritzaren balorazioa

14:30ak arteko datuen arabera.

Enpresa-sektorea: % 18

Sektoreen arabera:

  • Industria: % 21
  • Garraioak: % 10
  • Zerbitzuak: % 7

Merkataritza: Ez du eraginik

Lurraldeen arabera:

  • Araba: % 13
  • Bizkaia: % 16 (metalaren industria % 15)
  • Gipuzkoa: % 30

Kontsumo elektrikoaren % 17 gutxiago aurreko egunarekin alderatuta

Ondorioak:

Industrian bilduriko eragina eta normaltasuna gainerako sektoreetan. Industriaren barruan, desberdintasunak daude enpresaren eta inguruaren arabera.

Sektore publikoa

Administrazio Orokorra: % 21,5

Hezkuntza: sektore publikoan goizean izandako eragina % 21,98ra iritsi da (4.801 irakasle greban 21.841 posibleetatik). Itunpeko sarean, eragina % 12,59 da (1.793 irakasle greban 14.247 posibleetatik)

Erakunde Autonomoak:

  • Osakidetza: Lurraldeen arabera, % 6,34 Bizkaian; % 5,82 Araban eta % 9,8 Gipuzkoan.
  • Eusko Tren Bideak: % 30-40
  • Metro Bilbao: % 13,75
  • EITB: % 35

Greba Internetez jarraitzeko

greba.euskalherrian.info webgunean jarrai dezakezue greba egunean gertatzen dena. Baita Twitter bidez ere, #grebaorokorra hashtag edo hitz gakoa erabilita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak